1900. urtean eskuratu zuen Jose de Amezolak zesta-puntako urrezko domina Parisen antolatutako Joko Olinpikoetan, Nazioarteko Erakusketarekin batera, alegia. Ez zuen bakarrik lortu, bikotea osatu baitzuen Santanderreko Juan de Villotarekin.
Egia esanda, lehen domina olinpikoak ez zuen historia berezirik izan. Berez, Iparraldeko bikote baten aurka lehiatu behar ziren, baina horiek uko egin zioten partida jokatzeari eta, ondorioz, garaipen erraza izan zuten Amezolak eta Juan de Villotak.
Batzorde Olinpikoak 2004an zilegitzat jo zituen dominak eta, ondorioz, Jose Amezola da Euskal Herriko lehen irabazle olinpikoa.
Artziniegan ehortzita
Jose de Amezola enpresari garrantzitsu baten semea izan zen eta kirolari aparta izateaz gain, hainbat ardura politiko izan zuen.
Izarran jaioa 1874an, Amezolak Belgikan ikasi zuen, eta Banco de Bilbaoko batzordikea izan zen. Horrez gainera, Madrilen diputatua izan zen alderdi kontserbadorearen ordezkari gisa. Zehazki, 1914an hautatu zuten horretarako Durangon.
1922an hil zen Jose de Amezola eta Artziniegan ehortzi zuten herriko adopzio-semea baitzen. Geroago Teresa Garay alarguna ere bertan lurperatu zuten.
Teresa Aranguren kazetaria artziniegarraren aitona izan zen.