Jonathan Camara artziniegarra Ingalaterrako areto futboleko Kopa eta Liga jokatzeko sailkatu egin da Oxford City taldearekin. Kopako finala maiatzaren 29an jokatuko du eta Ligakoa ekainaren 12an.
Artziniegarra orain dela hiru urte joan zen Ingalaterrako futsal txapelketa jokatzera eta emaitza onak lortu ditu bertan. Baku United taldean hasi eta Europako lehiaketa garrantzitsuena jokatzeko aukera izan du, iaz, eta 16 talde onenen artean sailkatu zen.
Iaz Baku United taldea utzi eta Oxford City taldean ari da jokatzen aurten. Liga eta kopako finaletara sailkatzea lortu du talde berriarekin eta hurrengo urtean Europako txapelketan sartzeko lehiatuko da.
Ligako fase finala, ekainaren 12an
Ingalaterrako amaierako fasean egun berean jokatzen dira partida guztiak. Goizean finalaurrekoak jokatuko dituzte eta bi garaileek arratsaldean izango dute finala. Jonathanek goizeko 11:30ean jokatuko du finalaurrekoa bere aurreko taldearen aurka, Baku United, alegia.
Baku United azken urteotan herrialdeko ligan jaun eta jabe izan da, baina aurten jokalari garrantzitsu asko galdu du eta ez du nagusitasun bera erakutsi denboraldian zehar. Horren adibide da Oxford City taldeak hiru partidatatik bitan garaipena lortu duela Baku Uniteden aurka.
Hala ere, partida bakarrera izango da finalaurrekoa, beraz, edozer gerta liteke Jontahanen taldea eta haren aurreko taldearen arteko partidan. Finala arratsaldeko 16:30ean jokatuko da.
Hurrengo urterako, Europa helburu
Jonathan Camararen taldeak, Oxford Cityk, liga irabazi eta hurrengo urtean Europan jokatzeko aukera baliatu nahi du. Nahiz eta Europako txapelketetan Ingalaterrako taldeak onenak ez izan, hurrengo fasetarako sailkapena lehiatu nahi du talde ingelesak.
Kopako fase finala, maiatzaren 29an
Kopako amaierako faseak, ligakoaren eredu bera dauka. Ligarekin ezberdintasunak hurrengoak dira; txapelketan zehar kanporaketak jokatzen direla eta maila txikiagoko taldeek ere parte hartzen dutela. Jonathanen taldeak maiatzaren 29an jokatuko du finalaurrekoa.