Larunbat arratsaldean izango da lasterketa, 16:15etik Aurrera.
Dagoeneko 80 txirrindulari inguruk baieztatu du parte-hartzea, baina izen-ematea zabalik dago proba hasi arte.
Artziniega Txirrindulari Elkarteak beste urte batez txirrindularitzako Master zirkuituko lasterketa bat antolatu du. Larunbat honetan jokatuko da, arratsaldeko 16:15ean, eta elite, master 30, 40, 50 eta 60 kategorietarako proba izango da, baita emakumeentzako ere. Dagoeneko ia 80 txirrindularik baieztatu dute parte-hartzea, eta gehiago izatea espero da, oraindik Internet bidez (ww.entradascajarural.com) izena emateko epea zabalik dagoelako, eta egunean bertan ere egin daitekeelako, 200 lekuak bete arte.
Gora-beheraz beteriko 71 km
Gurean bestela ezin zitekeenez, txirrindulariek ibilbide gorabeheratsua izango dute aurrez-aurre: sei bira eman beharko dizkiote Artziniega-Ureta-Satia-Artziniega zirkuituari, tartean Lapetaratxeko gaina dagoela, eta amaitzeko bira luzeago bat egingo dute Mendietatik, gero Lapetaratxeko gaina beste aldetik igotzeko eta Uretatik helmugarako bidea hartzeko. Azken bira hori erabakigarria izango da seguru aski, Mendietako gaina gogorra delako, %13ko aldapekin, eta helmugatik nahikoa hurbil dagoelako. Helmuga ere ez da erraza izango: Geltoki plazan kokatuko da eta aldats gogorra dago azken metroetan.
Master 50 eta 60ko txirrindulariek eta emakumeek ez dute lehen bira egingo eta beraz 7 km gutxiago egingo dituzte. Gasolindegi ondo biribilgunea sartuko dira lasterketara bigarren biraren hasieran.
Faborito asko lehian
Garaipena eskuratzeko aukera gehien duten talde eta ziklistei dagokienez, Artziniegan izango , besteak beste, Spiuk BH Master, GNG-Aelvasa, Norinver Cycling Team eta AC Marriott taldeak, helmugatik lehen postuan pasatzeko elkarren artean lehia bizian ibiliko diren txirrindulari batzuekin: Ibon Garmendia, Teo Casabal, Asier Bajo, José Antonio Larrea, David Busto , Oscar Negrete… ustekaberik ezean, haiek dira irabaze izateko faborito nagusiak.