Gabonetako Herri Duatloia bihar jokatuko da, arratsaldeko 16:30ean. Hilaren 28an, berriz, Bizi Jaia egingo da, txirrindulari profesionalen parte-hartzearekin.
Artziniegako Txirrindularitza Elkarteak eta SC Aialak bi ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako, eguberri sasoian ume zein helduen artean kirola sustatzeko helburuz. Hala, bihar bertan, hilak 24, Gabonetako Herri Duatloia jokatuko da arratsaldeko lau eta erdietan; ohi bezala, lehenengo 8 urte bitarteko umeak arituko dira, gero 14 urte bitartekoak, eta azkenik helduak. Umeentzako ibilbidea alde zaharrean zehar joango da, eta helduek, berriz, herriko kaleetatik korrika egin ostean (500 m) Benta auzora joan-etorria egin beharko dute bizikletaz (6 km). Izena lasterketaren aurretik eman daiteke frontoian, edo bestela ciclista.artziniega@yahoo.com helbidera NAN zenbakia eta izen-abizenak bidaliz.
Astelehenean, Bizi Jaia
Datorren astea hastearekin batera beste hitzordu polit bat izango dugu, zeinean ziklista profesionalekin batera ibiltzeko aukera izango den, gainera. Batez ere umeei eta gazteei zuzendutako ekitaldia da Bizi Jaia, aukera izan dezaten segurtasunez eta helduen laguntzarekin txirrindularitzaz gozatzeko eta kirola gertutik ezagutzeko. Horretarako, bi martxa egingo dira: bata Angostinaraino, 7 km-koa, eta beste bat Artietaraino, 14 km-ko. Horretaz gain, txikientzako ginkana bat egingo da frontoian. 11:30ean ipini dute hitzordua, frontoian.