ANA PEREZ RODRIGUEZ (Orense, 1915) Artziniegan bizi da duela 71 urte. 100 urte bete zituen ostiralean eta udalak zein erretiratuen elkarteak omenaldia egin diote. Erakusten duen energia dela eta, zaila da sinistea 100 urte dituenik, gaur aiaraldea.eus-ekin bere bizipeni buruz mintzatu da.
Non jaio zinen?
Ourenseko herri batean, Cristosenden, hain zuzen. Ez dut gogoratzen noiz heldu nintzen Artziniegara. Semeek bilatu didate, 1944an, uste dut.
Hona etorri baino lehen Barakaldora jo nuen, eta hortik Artziniegara. Hona etortzen ziren ogiaren bila eta hori dela eta nire senarrak etxea alokatu zuen. 70 urtez bizi izan gara hemen.
Dena den, Bartzelonan ere egon nintzen; 4 urtez. Bertan harrapatu ninduen gerrak. Baina zorionez lan egin nuen janaria zegoen leku batean. Hobe galdetu beste gauza batzuei buruz.
Artziniegara etorri zinen eta zer egin duzu herrian?
Denetarik. Fraideentzat lan egin dut, eta sukaldaria izan nintzen umeen eskolan. Etxea estreinatu genuen beste emakume batek eta biok.
"Bazkaria prestatzen genuen umeentzat. Inguruko ume ugarik ikasten zuen bertan; 170, hain zuzen".
Ikastetxean lan egin ostean erretiroa hartu nuen eta etxean egon naiz geroztik. Semeak zaindu nituen. Hiru dauzkat: Ramón, Amador eta Luis.
Luis Artziniegan jaio zen eta dagoeneko 65 urte ditu. Bi hilabete barru beteko ditu eta erretiroa hartuko du.
100 urte bete dituzu eta ospakizunak izan dituzu, ezta?
Egun hauek erotzeko modukoak izan dira. Semeak oso pozik joan dira Galiziara, esan dute ez dutela inoiz horrelakorik ikusi.
Udalak eta Erretiratuen Elkarteak omenaldiak egin dizkidate. Oso ondo portatu dira nirekin. Nik ez dut ezer merezi.
"Egia da jende asko hartu dudala etxean. Agian txiro bat hemendik agertzen zenean ogitartekoa egiten nion. Baina ez dut ezer merezi, soilik egin didate 100 urte bete ditudalako".
Udalak omenaldia egin zidan eta Erretiratuen Egoitzan sekulako bazkaria egin zidaten. Nahi zuena gonbidatuta zegoen, herri osoa. Ate irekiko jardunaldiak izan ziren.
Eta zer egiten duzu zuk egunero?
Ezer ez (barreak). Eserita egon, lo egin eta asko egiten dut otoi, herri guztia ondo egon dadin. Munduan bakea egon dadin. Bakea behar du jendeak, lotsagabeak besterik ez dago eta.
Oro har ez dut gauza berezirik egiten. Erretiratuen egoitzara joan eta kartetan jokatu. Iaz ez nintzen joan hotz handia egiten zuelako eta hobeto nengoelako etxean. Baina mugitzeko ez daukat arazorik.
Semeak harrituta geratu dira, asko mugitzen bainaiz.
Eta Artziniegan zer moduz tratatu zaitu jendeak?
Oso ondo. Batzuek “Ana” deitzen zidaten, beste batzuek “Anita” eta besteak “Zapatera”. Ondo konpondu naiz jende ororekin. Zapataria deitzen zidaten nire senarra herriko zapataria zelako.
Urte luzez zapataria izan zen eta gero erretiroari esker bizi ginen. Ni beti ona izan naiz aurrezten. Senarrak gutxi irabazten zuen baina lortzen nuen zerbait aurreztea.
"Pentsioak igo beharko lituzkete. Nik 300 euro besterik ez ditut kobratzen, eta beste 300 alarguna naizelako. Horrekin nire semea ere mantendu behar dut, eta berak asko lan egin du. 25 urtez egon da kalean lan egiten, udalarentzat, besteak beste".
Esan didate sekretu bat duzula sasoian egoteko.
Zahartzaroaren sekretua hurrengoa da: ez dut alkoholik edaten -dena den, egia esanda, egun hauetan kopatxoren bat hartu dut- eta denetarik jaten dut.
Horrez gain, belar batzuk hartzen ditut eta oso onuragarriak dira. Ontzi batean ura irakiten jartzen dut eta botatzen dizkiot azeri-buztana, luisa belarra, eukalipto hosto baten zatitxoa -ez da erdira heltzen, oso ona da diabetesaren aurka-, ezkia eta erromeroa. Ez dut neurtzen, apur bat botatzen dut eskuz.
Egosten dut guztia apur batean, gero uzten dut tartetxo batean eta iragazten dut. Behar dudanean edaten dut. Noizean behin edaten dut, ahoa lehortzen zaidanean, adibidez. Beti 6 zurrupada ematen dizkiot. Hartzen dut eta oso gustura geratzen naiz.
Nik asmatu dut, ez dit inork ezer esan. Kamamila eta malba ere botatzen nion lehen. Nire seme guztiak hasiko dira belarrak hartzen (barreak).
Ni oso ondo nago osasunaren aldetik. Duela gutxi bronkitisa izan nuen eta probak egin zizkidaten ospitalean. Medikua harrituta zegoen ez zuelako ezer topatu. Nik esan nion: “minbiziren bat izango dut ezkutaturik” baina berak erantzun zidan ezetz. Ondorioz, nik galdetu nion: “eta zergatik nago hemen orduan?”