Azaroaren 28an Fair Saturday programaren barruan Bleibet Abesbatzak elkartasun kontzertua eskainiko du Agustindarren komentuan. Artritis Erreumatoidea daukaten Bizkaiko Gaixoen Elkartearen aldeko emanaldia izango da, Artziniegako herritar bat elkarteko kidea da eta.
Egun berean, Hiriska elkarteak elkartasun azoka antolatuko du. Lortzen duten dirua paralisia sufritzen duen artziniegar bati garabia erosteko erabiliko dute. Makinak 5.000 euro inguru balio du.
Abendua ere, elkartasunez blai
Bestalde, abenduaren 19an Okondoko Itzalde abesbatzak kontzertua eskainiko du Filipinetan kalean bizi diren umeen alde. Egun horretan Urizahar taldeak jostailu bilketa abiatuko du bere egoitzan. Abenduaren 26an bukatuko dute egitasmoa.
Hori guztia ez ezik Arabako Elikagaien Bankurako elikagaiak bilduko dira herrian.