"Ez nekien lasterketa amaitzeko gai izango ote nintzen, baina azkenean oso ondo atera zen"

ZURIÑE FRUTOS (1986, Artziniega) Espainiako Kopako mendi lasterketan 5. postua lortu berri du Murtzian jokatu den azken probaren ostean. Grifone taldeko korrikalariak aipatu du denboraldi honetan egindakoa eta hemendik aurrera dituen asmoak.

ZURIÑE FRUTOS (1986, Artziniega) Espainiako Kopako mendi lasterketan 5. postua lortu berri du Murtzian jokatu den azken probaren ostean. Grifone taldeko korrikalariak aipatu du denboraldi honetan egindakoa eta hemendik aurrera dituen asmoak.

Murtziatik itzuli berria zara, Espainiako Kopako azken probatik; nola joan dira egun hauek eta lasterketa?

Aurreko astean kili-kolo ibili nintzen, belaunean lesio txiki bat daukadalako eta enbarazu apur bat ematen didalako. Ez nekien amaitzeko gai izango ote nintzen, baina azkenean oso ondo atera zen lasterketa; indartsu ibili nintzen 20. Km-ra arte, eta gero, 6 km-ko jaitsiera tekniko batean, hasi nintzen belauneko mina igartzen.

Kontuz ibili nintzen tarte horretan eta helburua lortu nuen, lasterketa amaitzea. Eta gainera 5. postuan.

Eta zer moduz Espainiako Kopa orokorrean, zer nabarmentzen duzu?

Gustura ibili naiz, eta oso pozik sailkapen orokorreko 5. postu horrekin. Nabarmenduko nituzke paisaia ezberdinak, mendiak, desnibelak, altuera handiak, baita distantzia ere; izan ere, ez nengoen halako distantzia luzeetara ohituta, duela gutxi hasi nintzelako mendian korrika, eta gure inguruetako mendietatik gainera.

Beste lasterketa askotan ere oso aurrean ibili zara, baita irabazten ere. Pozik denboraldiarekin?

Benetan pozik, bai.

Apurka-apurka banoa helburu handiagoak lortzen eta nire buruari demostratzen zertarako gai naizen.

Zerbait aldatu duzu entrenatzeko moduan iazko denboraldiarekin konparatuta?

Bai, ezaguna nuen prestatzaile batekin jarri nintzen harremanetan, eta berak zuzentzen dizkit entrenamenduak eta elikadura.

Aitortzen dut jarraibideak emateko norbait behar dudala , motibatzeko, horrek derrigortzen nauelako hobetzen segitzeko.

Eta ez pentsa, hala ere agindutakotik %70 baino ez dut egiten kar kar kar.

Zelako entrenamenduak egiten dituzu?

Astean egun batean edo bitan atsedena hartzen dut. Menditik larunbat-igandeetan ibiltzen naiz, denbora gehiago dudalako. Gainerako egunetan asfaltoan egiten dut korrika, edo igerilekura joaten naiz. Bizikletan ere ibiltzen naiz, eta ahal bada aste barruan mendi apur bat ere sartzen dut.

Eta elikadura ere aipatu duzu. Zeintzuk dira elikatzeko jarraitzen dituzun irizpideak?

Garrantzitsuena  gozoki eta gominolak dietatik kentzea da, eta ondo jaten ikastea; lasterketetan eta entrenamenduetan proteina, hidrato eta abarren gastu handia egiten da eta karga egokia egiten ere ikasi beharra dago.

Zelan planteatuko duzu udazken-negua lasterketa eta prestaketa aldetik?

Patxadaz. Ahal den neurrian gogokoen dudana eginez. Eskiatzera joan gura dut, badirelako 10 urte joan ez naizela. Duatloiren bat ere egingo dut eta krosetan ere hasi gura dut. Hori dena belaunak errespetatzen banau.

Aurreko urteetan bezala lokotx-bilketan ibili zara lehiatzen eta, hori gutxi balitz, duatloietan ere hasi zara denboraldiaren azken txanpan. Nondik ateratzen duzu energia? Jarraitzeko asmorik bai?

Energia ez dakit. Nik uste dut disfrutatzeko eta gauzak egiteko gogoa dela duela hilabete batzuetatik hona izan dudana. Urtea presio handiagoarekin hasi zen, gauzak arraroak gertatu zirelako nire lehengo klubean, baina orain ondo nago.

Eta bai, nire asmoa beste urte batez hala segitzea da, bai eta gauza berriak edo ezberdinak egitea. Baina beti ere, larritu barik eta egiten dudan horretaz gozatuz.

Esan duzun bezala, duatloiak, krosak, trailak... Korrika egitea da gehien gustatzen zaizuna? Noiz hasi zinen?

Ez dakit gehien gustatzen zaidana ote den, baina bai gehien egiten dudana. Duatloietan denbora gutxi daramat baina gustua hartzen ari natzaie, nahiz eta bi baino ez ditudan egin. Duela hiru urte hasi nintzen asfaltotik korrika eta lasterketa laburretan parte hartzen.

Gero animatu ninduten mendian hastera eta gehiago gustatu zitzaidanez berton geratu naiz; mendian aritu naizen bigarren urtea da.

Zergatik?

Betidanik izan naiz kirolaria, eta 6 urte nituenetik areto-futboleko jokalaria. Beraz, futbola utzi nuenean, korrika egiten hasi nintzen kirolean jarraitzeko. 

Lasterketa bat baino lehen, tokira heltzen zarenean eta dena prest dagoela ikusten duzunean, zer sentitzen duzu?

Nerbioak eta zalantzak hasten dira, eta ondo egiteko gogoa ere nabaritzen dut. Ahalik eta arinen hasi eta amaitu nahi izaten dut.

Kontatuko diguzu lasterketaren batean gertatutako bitxikeriaren bat?

Lasterketa guztietan dago gauza txikiren bat, baina anekdota moduan esango nuke mendiko nire lehenengo mendiko lasterketan gertatutakoa: Amurrioko lasterketa laburra zen eta korrika egiteko oinetakorik gabe joan nintzen. Eskerrak etxetik hurbil nengoen; deitu eta laster batean ekarri zizkidaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide