Zapatuan Espinosako Picón Castro lasterketan nagusitu zen Artziniegako korrikalaria, eta guztira hiru lasterketa irabazi ditu abuztuan. Espainiako Kopako hurrengo proba du jomugan.
Mendiko lasterketen egutegian sasoitik kanpoko hilabetetzat jotzen den arren, abuztua oparoa izan da Zuriñe Frutosentzat inolako zalantza barik. Izan ere, asteburu honetan Espinosa de los Monteroseko proba laburrean nagusitu ostean, artziniegarra hiru lasterketatan izan da garaile: Samanoko mendi maratoia, Jabalí Trail eta Picón Castro.
Espinosako Lasterketari dagokionez, Zuriñek 25 km-ko proban hartu zuen parte (56eko beste proba luze bat zegoen), emakumezkoetan irabazteaz gainera, 13. postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean. Egun beroa izan zen larunbatekoa eta erritmo bizian ibili zen Zuriñe hasierako kilometroetatik, eta 10. kilometroan orkatilak susto txiki bat eman zion arren, hala ibili zen helmugara arte.
Espainiako Kopa helburu
Abuztua pasata, Artziniegako korrikalariak Espainiako Kopako azken proba du jomugan. Murtzian jokatuko da urriaren 11n eta aurreko bostetan emandako mailari eustea du helburu, goiko postuetan mantentzeko eta ahal bada podiumera sartzen ahalegintzeko.
Amurrio Trail Taldeko korrikalariak ere, goi-goian
Era berean, eta mendi lasterketen diziplinatik atera barik, aipatzekoa da Amurrio Trail Taldeko lasterkariek asteburuan egindako lana: “Lezamako Mugetatik” lasterketan Pedro Urkijo okondotarrak bosgarren postua eskuratu zuen, eta Pirinioetan, “Paso del Onso” lasterketan, Mariam Zapico izan zen irabazle nesken kategorian eta Jon Lozano laugarren gizonezkoetan.