A-2602 eta A-4624 errepideak konponduko dituzte Artziniegan. Errepideak egokitzeko eta urbanizatzeko eraikitze proiektua onartu du Diputatuen Kontseiluak.Errepideetako bat Kanpijo auzoan dago eta bestea udaletxetik kirol gunera doana da eta “Espaloien”proiektua deitu diote.
Hamar hilabete iraungo ditu obrak eta guztira 1.549.834 euroko aurrekontua daukate. Zeharbide bi horietan zenbait urbanizazio lan eta udal zerbitzu berri ere garatzea aurreikusten dute.
Foru Aldundiaren ardura
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak bere gain hartuko ditu obrak egitea, zuzentzea eta kontrolatzea eta bide azpiegiturak finantzatzea. Gainerakoa, udal azpiegiturei dagokiena, Artziniegako Udalak eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Sailak finantzatuko dute. Horretarako, Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren dagokion diru-laguntza beharko du udalak.
Aurrekontua gauzatzeko bi partida esleitu dira: gastuaren heren bat, hots, 530.146,98 euro, 2015erako aurrekontu luzapenaren kontura ordainduko da eta, gainerakoa, 1.019.687,36 euro (BEZa barne), 2016erako konpromiso kredituaren kontura.
Errepideeek sortu dituzten liskarrak
Espaloien proiektuak hainbat tirabira sortu ditu herritarren artean .EAJk eta PPk diotenaren arabera espaloia herriko inguru horretarako irisgarritasuna hobetzeko modu bakarra da. EH Bilduk, ordea, salatu du aukera gehiago badaudela eta gainera herritarren iritzia kontuan hartu ez dutela. Koalizioaren ustez, hainbat familia kaltetuak aterako dira obra honengatik, lur desjabetzeak egongo baitira.