Joseba Elejalde Artziniegako PPko zinegotziak testu baten bitartez azaldu du erabaki zaila izan dela EAJri alkatetza ematea. Gogoratu behar da babes horri esker Artziniegako zerrenda bozkatuenak -EH Bildu- ez duela gobernatuko.
Popularrak adierazi du alderdiko afiliatuekin adostutako erabakia izan dela eta EAJk Araban izan duen jarrera -Gasteiz eta Oionen PP alkatetzatik kenduz- ez duela erraztu. Elejalderen aburuz PPren aurka edozerk balio du eta horregatik etsaiak diren alderdiak elkartu dira popularrak erakundeetatik kanporatzeko.
Joseba Elejaldek argudiatu du PPk ardura bat dela medio eman diola alkatetza alderdi jeltzaleari: abiatutako proiektuak bermatzeko. Popularraren ustez proiektu horiek ez lukete lehentasunik EH Bildurentzat.