Iñigo Gomez hautatu dute Artziniegako alkate EAJ eta PPko bozei esker. Soka luzea ekarri du herriko alkatetza noren esku geratu behar zen eta azkenean jeltzaleek haien zerrenda aurkeztu dute, nahiz eta EH Bilduk boza gehiago lortu zituen udal hauteskundetan.
Jende ugari hurbildu da udalbatza aretora 09:00etan eta askok bere desadostasuna azaldu dute EAJko erabakiarekin.
Aste beroa
Artziniegako giro politikoa nahiko gaiztotu da aste honetan. Alderdiak hitzordu ezberdinetan elkartu dira eta EH Bilduk bileren inguruko informazioa plazaratu ostean EAJk bere jarrera salatu zuen.
Gatazka hauteskundetako emaitzen harira sortu da. EH Bilduk boza kopuru historikoa lortu zuen maiatzaren 24an, lehenengo aldiz EAJ gailenduz.
Hala ere, EAJ baino 11 boza gehiago ez zituen lortu koalizioak eta zinegotzi kopuru bera eskuratu zutenez, zilegitzat jo dute jeltzaleek haien hautagaitza aurkeztea.