Hedabideek azaldu dute atzo bilera egin zutela Arabako EAJko eta PPko zuzendaritzek. Besteak beste, PPk babesa eskatu zion EAJri Javier Marotok Gasteizko alkatetza lortu dezan. Horren ordez, Arabako Foru Aldundian babesak eta Oiongo eta Artziniegako alkatetzak eskaini zizkion PPk EAJri.
Popularren aldetik Alfonso Alonso, Iñaki Oiartzabal, Javier de Andres eta Javier Marotok parte hartu zuten bileran eta jeltzaleen ordezkariak Xabier Agirre, Ramiro Gonzalez, Gorka Urtaran eta Claudio Rodriguez izan ziren.
Artziniegan ere bilerak
Egun hauetan Artziniegako udalean zinegotziak lortu dituzten alderdiak ere elkartu dira, baina oraindik ez dago argi nork eskuratuko duen alkatetza. EH Bilduk udal hauteskundeak irabazi zituen baina EAJrekin berdindu zuen zinegotzi kopuruan.
Hortaz, jeltzaleek haien zerrenda aurkeztuko balute eta PPk aldeko boza emanez gero, Iñigo Gomezek lortuko luke alkate izatea.
Zalantzak larunbatean argituko dira, 09:00etan hasiko baita udala eratzeko udalbatza.