Gernika filmako grabaketa hastear dago Artziniegan. Aurreratu zuten moduan, Aiaraldeko herria filmean agertuko da eta gaur pelikulako taldeak prestaketak abiatu ditu.
Bertan jasoko diren irudiak Gernikako bonbardaketari lotuta egongo dira eta hori dela eta hasi dira zenbait kale prestatzen; auto zaharrak, hondakinak... jarri dituzte Alde Zaharreko zenbait lekutan, garaiko giroa eta bonbardaketaren ondorioak simulatzeko.
Pelikulako taldearekin -asko atzerritarrak dira eta ingelesez grabatzen ari dira- suhiltzaileak eta ertzainak ere hurbildu dira Artziniegara, leherketak egingo baitituzte filmazio egunetan.
Filmean parte hartuko duten herritar batzuk Bilbora jo zuten atzo, neurrira egindako jantziak izango baitituzte.