“Emaitza historikoa izan da, baina EAJ eta PPren jarrera zein den ikusi beharko dugu”

Erredakzioa 2015ko mai. 25a, 14:11

Joseba Vivanco (Artziniega) EH Bilduren Artziniegako alkategaia da. Koalizioa lehen indarra izan da udal-hauteskundeetan. Lau zinegotzi lortu ditu, baina EAJk beste lau lortu ditu eta PPk bat.

Hauteskundeak irabazita, nola sentitzen zara?

Joseba Vivanco (Artziniega) EH Bilduren Artziniegako alkategaia da. Koalizioa lehen indarra izan da udal-hauteskundeetan. Lau zinegotzi lortu ditu, baina EAJk beste lau lortu ditu eta PPk bat.

Hauteskundeak irabazita, nola sentitzen zara?

Hodei baten gainean gaude oraindik. Emaitza historikoa izan da Artziniegarentzat. Azken 30 urteetan ia beti EAJ egon da gobernuan, eta orain beste indar batek (kasu honetan gu) euren emaitza gainditu izana (boto gutxi batzuengatik izanda ere) historikoa da Artziniegarentzat. Oraindik ez dugu sinesten, egia esan.

Balorazio ona, beraz?

Oso emaitza onak izan dira. Gure hasierako helburua lau zinegotzi lortzea zen, orain arte hiru izan ditugu. Horri lortuta, PPk bakarrarekin geratzea ere espero genuen, geroz eta indar gutxiago izateari begira. Azkenean nik lagunei esan diet Ernesto Valverdek Athletic-en denboraldia baloratzen duen bezala baloratzen dudala nik jasotako emaitza: “denboraldia bikaina izan da, baina finala irabazten baduzu cum laude”. Bagenuen buruan halakorik gertatu zitekeela, herrian egon diren sentsazioengatik eta jendeak transmititu digunagatik.

“Gure hasierako helburua bete dugu: lau zinegotzi lortzea”

Alderdi Popularra aipatu duzu. Nola baloratzen dituzue beste alderdiek lortutako emaitzak?

Kasu honetan PPk boto kopuru nabarmena galdu du. Egongo da jende asko ez diena bozkatu, parte hartze kopurua bi puntutan jaitsi egin delako 2011ko emaitzekin alderatuta. EAJk ere jaitsiera izan du. Euren botoetako batzuk gugana bideratu dira seguru asko, eta beste herritar batzuk seguru asko ez dira bozkatzera joan. Gauzak hala, garaipena izan da guretzat, boto igoera izan dugun bakarrak izan garelako.

Irabazi arren, alkatetza lortzeko zail izan dezakezue, ez?

Udalbatzaren osaketaren egunean gertatuko denaren zain gaude, ekainaren 13an dena. Ikusi beharko da baita zer jarrera hartuko duten EAJk eta PPk. Horren araberakoa izango da. Bien arteko akordio bat eman daiteke eta boto gehien jaso ditugunoi alkatetza kendu, edo zerrenda bozkatuena izan izana errespetatu dezakete. Baina momentuz goiz da zer ideia dituzten jakiteko.

Gauzak hala, oraindik ez dakizue zer nolako negoziazioak egin beharko dituzuen, ez?

Printzipioz goiz da oraindik. Ez dugu horretaz hitz egin. Printzipioz espero dugu EAJk azken agintaldian lau zinegotzirekin gobernatu duen bezala guri ere laurekin gobernatzen uztea. Baina momentuz ez gara baloraziotan sartu. Guk bakarka gobernatzera aspiratuko dugu.

“Guk bakarka gobernatzera aspiratuko dugu”

Aukerak ikusten dituzu EAJk eta PPk EH Bildu gobernutik kanpo uzteko?

Printzipioz zerrenda bozkatuena errespetatu izatea espero dugu. Nahiko ilogikoa litzateke EAJk gobernatu nahi izatea, eta PPren babesarekin gainera. Agerian geratuko lirateke.

Niri pertsonalki galdetzen badidazu ez dut uste dudarik egon beharko litzatekeenik. Beste kontu bat da gainontzeko alderdiek udal mailan zein udalaz gaindiko maila batean adosten dutena. Baina zerrenda bozkatuena errespetatuko dutela espero dut.

“EAJk eta PPk zerrenda bozkatuena errespetatzea dutela espero dut”

Eta zeintzuk izango lirateke zuen lehentasunak datozen hilabeteei begira?

Lurreratzea eta udala ezagutzeari ekitea, lau zinegotzietatik ni bakarrik aritu bainaiz azken lau urteetan udal ordezkari gisa. Beste hirurak ni baino gazteagoak dira, eta euren lehen aldia izango da. Gauzak hala, imajinatzen dut datozen hilabeteak lurreratzeko, tanteatzeko eta mahai gainean zer dagoen eta aurreko gobernuak zer utzi digun ikusteko hilabeteak izango direla. Udal langileekin buru-belarri elkarlanean arituko garela oso argi daukagu. Udazken partera iritsita ekingo genioke buruan ditugun proiektuak gauzatzeari. Proiektu zehatzak baino, gobernatzeko modua da aldatu nahi duguna, jendeak ikus dezan aldaketa benetakoa izan dela. Horri ekin beharko diogu.

Zer helburu dituzue legealdiari begira?

Hauteskunde kanpaina EH Bildutik adierazi duguna izan da parte hartzearen aldeko apustu irmoa egingo dugula. Udala jendeari zabaltzea, batez ere. Herritarrek Udala bisitatu beharreko erakunde bat bezala ikus dezaten, eurena dela konturatu daitezen. Eta horrela lekua egitea parte hartzeari eta informazioari. Hau da, jendeak jakitea baita zer den udalean gertatzen dena, hartzen diren erabakien jakitun izan eta iritzi kritiko bat garatzeko gai izan dadin.

“Lehenbizi jendearen iritzi eta parte hartzearekin kontatu nahi dugu. Horrela oinarri bat sortu nahi dugu gero zer bide jarraitu ikusteko”

Horrela, jendea inplikatuaz gauzak egiteko oinarri bat sortu nahi dugu, kultura, euskara zein turismoa bezalako alorretan. Jendeak parte hartzea eta udala bultzada ematen duena eta dinamizatzen duena izatea. Batzuk galdetzen dute ea zer egingo dugun. Eta guk diogu lehenbizi jendearen iritzi eta parte hartzearekin kontatu nahi dugula. Horrela oinarri bat sortu nahi dugu gero zer bide jarraitu ikusteko.

Emaitzak ikusita, zer mezu helarazi nahiko zeniokete herritarrei?

Batez ere eskerrak ematea bozketatan parte hartu duten guztiei eta batez ere babesa helarazi digutenei, lau urte hauetan zehar konfiantza mantendu dutenei eta baita batez ere gure proiektura batu direnei eta lehen aldiz bozkatu digutenoi, ez dira gutxi izan eta. Eurei esker izan gara lehen indarra.

“Pazientzia eskatzen dugu. Hanka sartuko dugu, seguru asko, baina Artziniegarentzako onena egiten saiatuko gara, herritarren iritziak kontuan hartuta”

Pazientzia izatea eskatu nahi diegu. Badakigu ez dela gauza erraza kudeatzen eta gobernatzen ikastea. Orain arte oposizioan egon gara. Horregatik, pazientzia eskatzen dugu baina ere herritarrek jakin dezatela orain gatozenak gogoz datozen pertsonak garela, eta gauzak egiteko beste modu bat daukagula. Hanka sartuko dugu, seguru asko, baina jakin dezatela Artziniegarentzako onena egiten saiatuko garela, eta jendea kontuan izaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide