“Museoa amets bat zen, baina auzolanaren bidez lortu egin genuen”

Erabiltzailearen aurpegia Unai Gotxi Kastrexana 2014ko mar. 16a, 09:11

JOSE LUIS FERNANDEZ ZURBITU (Bilbo, 1946) Artea Etnografia elkarteko kidea da. Museoaren nondik norakoak azaldu ditu.

JOSE LUIS FERNANDEZ ZURBITU (Laudio, 1946) Artea Etnografia elkarteko kidea da. Museoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Noiz sortu zen museoa? Nolakoa izan zen sorrera?
1970 hamarkada inguruan gazte talde batek sortu zuen. Kultura eta ekologia zuten interesgune, batez ere. Artziniegan eremu ezberdinetan lan egiteari ekin zioten: Encinako zelaia kotxe eta zuhaitzen inbasiotik babesten, udal liburutegia Euskal Herriko argitalpenekin aberasten...
Benjamin Respaldiza Euskal Herritik kanpo luze bizi izan zen eta itzultzean gure inguruko produkzio eta bizi ohiturak zeharo aldatu zirela ohartuta ondarea berreskuratzeko bideak jarri behar zirela argi ikusi zuen. Izan ere, antzinako lanbideak desagertzen zihoazen, baita tresneriak, altzariak… ere. Horregatik, ondarea zaintzeko beharra mahaigaineratu eta gure arbasoen bizitza ezagutzeko bideak ireki zituen.

Ideiatik garapenerako bidea nolakoa izan zen?
Gazte talde hori, jai egunetan antzinako tresnen erakusketak… antolatzen hasi zen. Arrakasta ikusita herritarrek ganbaretan izan zitzaketen tresna zaharrak eskatzeko deialdia egin zuten; korta edo bestelako lekuetako tresnekin erakusketa egiteko. Pila bat pieza jaso ziren. Horrela, txoko bat bilatu eta santutegiko apaizek utzitako lokalean kokatu zituzten jarduerak. Bertan denetariko lanak egin zituzten: peoi lanak, arotzenak, igeltseroenak, margolarienak… ia-ia dirulaguntza publikorik gabe. Urte luzetako lanaren ondoren, 1984an ireki zituen museoak aurrenekoz ateak. Ordura arte garbiketa, atonketa, piezen sailkapenak… egin ziren. Protagonistak bizilagunak eta bisitariak ziren; ez zegoen protokolorik.

Kulturaren ikuspuntutik zelako egoera bizi zuen Artziniegak?
Euskal Herriko gainontzeko herrietan bezala, frankismoak iraun zuen bitartean bizitza kulturala basamortua bezalakoa zen; elizaren inguruko elkarteek bakarrik antolatzen zituzten gauzak. Gazte talde honek euskara eta euskal kultura eta ingurunea babestearen alde egin zuen lan.

Zergatik erabaki zen museoa lekuz aldatzea?
Museoaren lehendabiziko lokala guretzako zoragarria zen, etnografikoki oso landua. Gainera, hobezina zen ingurune batean kokatua zegoen. Alabaina, jendeak piezak ekartzen jarraitu zuen, lanbide eta giro gehiago gorde eta ezagutarazteko aukera emanez. Horrek, lokala txiki geratzea ekarri zuen, zeuden tresna guztiak gordetzeko ez baitzen aski. Erakusketa gune izatetik biltoki izatera pasa zen, horregatik, herrian erabili gabe zeuden eraikinak ikustera joan ginen. Eraikin historiko batera joan zitzaigun begia, sorreratik irakasteko erabilia izan zen gune batera, abandonatua zegoenez erortzeko arriskuan zegoenera.


Guretzako amets bat zen, baina kudeaketa egoki eta auzolan bidez konpontzea lortu egin genuen. Udalak eta Arabako Aldundiak laguntza eman ziguten. Horrela, 20 urte geroago, 2004ko martxoaren 25ean Artea etnografia elkarteko kide eta herritarren laguntzaz gaur egun dagoen eraikina zabaldu genuen.

Museoaren irekierak zer ekarri dio herriari?
Hori guk baino udalak edo herriko elkarteek erantzun beharko lukete! Edo ostalaritza zein bestelako negozio dendek. Guk datuak bakarrik eman ditzakegu. 2000 metro karratuko erakusketan eta Pablo Respaldizaren sutegian egindako bisitetan 2004tik 109.533 pertsona pasa dira. Elkartekideek interes ekonomikorik gabe lanean jarraitzen dugu, bidaiak eta gastu pertsonalak guk ordaindu ditugu.

Zenbat ekitaldi jaso ditu? Nolakoak?
Museoaren kanpoaldean artisauen azoka edo Antzinako Merkatua antolatu izan da. Lehenengo bi edizioetan Artea etnografia elkartea aritu zen antolatzaile; gainontzekoetan partaide bakarrik izan gara. Gainontzeko ekintzak herri oratzea, udako solstizioa, museo bizia, txarriboda, Olentzero… dira. Horretaz gain, hitzaldiak, mahainguruak, kultur ekitaldiak… antolatzen ditugu. Baita erakusketak ere. Esate baterako, urtero aire libreko margo lehiaketa egiten dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide