[Erreportajea] Artziniega museoa, 30 urte ondarea eta kultura zabaltzen

Izar Mendiguren Cosgaya 2014ko mar. 16a, 09:11

Artziniegako Museoak 30 urte bete ditu. Artea etnografia elkarteak kudeatzen du. Hasieratik, herritarrek proposatu, sortu eta garatutako proiektua da. Ideia ondare historiko, kultural eta ekologikoagatik kezkatuta zeuden gazte batzuek abiatu zuten.

Ametsa errealitate bilakatzeko auzolana erabili zuten. Horretaz gain, ordea, udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso zuten.

Artziniegako Museoak 30 urte bete ditu. Artea etnografia elkarteak kudeatzen du. Hasieratik, herritarrek proposatu, sortu eta garatutako proiektua da. Ideia ondare historiko, kultural eta ekologikoagatik kezkatuta zeuden gazte batzuek abiatu zuten.
Ametsa errealitate bilakatzeko auzolana erabili zuten. Horretaz gain, ordea, udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso zuten.
Artea elkartea 1977an jaio zen, Artziniegako festak zirela eta, gazte-talde batek antzinako gauzen erakusketa antolatu zuenean. Lortutako arrakastak akuilu-lana egin zuen hurrengo urteetan Artziniega inguruko eta eskualdeko lanbideekin zerikusia zuten piezen bilketa sistematikoa egiteko eta erakusketa iraunkorra prestatzeko. 1981ean, taldeak dei egin zien herritarrei Etnografia Museoa sortzen laguntzeko. Museoa 1984ko irailean ireki zen, aurretik Santutegiko ukuilu izandako lokalean.


2004an handitu egin zuten, eta tokiz aldatu. Nola tresneria hala museoa, auzolanean eskuratua da. Izan ere, egungo museoa osatzen duten tresna guztiak herritarrek utzitakoak dira.


Egungo museoa zaharberritutako eraikin historikoa da. Espazioari dagokionez, 1.700 m2ko erakusketa zabala jasotzen du, hamazazpi gela handitan banatuta. Horien bitartez, eskualdeko biztanleen landako eta hiriko bizimodua nolakoa izan zen ikusteko aukera eskaintzen dute. Kanpoaldean ere, ordea, 2000 m2 dituzte ikusgai. Bertan, erakusketak eta aire zabaleko anfiteatroak lekua ematen die hainbat kultur ekitaldiri. Museoaz gain herrian ere hainbat egitasmo garatu ditu Artea etnografia elkarteak.


Horren adibide da Pablo Respaldizaren sutegia. Artziniegako erdigune historikoan dago eta garai batean Artziniegaren eta bere eskualdearen zerbitzura egondako artisau-tailerra da, Artea Etnografia Elkarteak zaharberritu duelako ikus daiteke. Errementariaren eskuetatik era guztietako tresnak ateratzen ziren: etxeko tresneria, nekazaritzako lanabesak (3), ferrak, iltzeak, torlojuak, burdin sareak eta, batez ere, Euskal Herritik kanpo esportatu ziren idi-gurdientzako gurpilak. Hainbat dokumenturen arabera, jarduera hori Erdi Arotik garatzen zen Artziniegan. “Beraz, gure historiaren eta gure arbasoen bizimoduaren zati bat da”, diote.

Bi solairu
Museoa bi solairutan banatua dago. Behekoan erakusten dituzte arbasoen jantziak, edariak, etxea, lana, garraiatze lana, uzta bilketa, nekazaritza eta korta. Besteak beste, jostunen, zapatarien, abarkagileen, harginen, igeltseroen, otzaragileen edo baserritarren lanbideak. Oilategia, txerrikorta, gari-jotzea, otzarak… nola egiten ziren ikusteko aukera ere badago.


Bigarren solairuak, berriz, bizimodua du ardatz. Horregatik, gela ezberdinetan kultura, herria, kirola, eskola, udala eta kontzejuak, historia, erlijioa eta historia nolakoa zen azaltzen dute. Horretarako garaiko jostailuak, musika, botikak, tabernak, dendak, eskoletako ikasmahaiak, liburuak… dituzte gordeta. Edo, segan, sokatiran zein frontoian nola aritzen ziren ikusteko materialak. Etxearen atalean, aldiz, iragan mende hasierako aberatsen etxea da nagusi: sukaldea, logela, egongela, komuna…


Museoa ireki zutenetik makina bat ekitaldi antolatu dituzte. Guztiak, www.artziniegamuseoa.com webgunean jaso dituzte. Eta, horietako batzuk, hiru hilero argitaratzen duten Gurdia aldizkarian. Hala ere, ez da hori ondareari jarritako ondar ale bakarra: Artzieniegako pertsona nagusienei elkarrizketak egin dizkiete. Eta, Soxoguti eta Cabrillako errotak zaharberritu.


Bidean, ordea, laguntzak eta oztopoak izan dituzte. Dena dela, Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko kultura batzordeetara bertaratuz museoa bizirik mantentzea lortu dute. Izan ere, Artziniegako Museo Etnografikoa diruz laguntzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta Udalak. Lehenak, 30.000 euro emango dizkio. Bigarrenak, aldiz, 40.000. Diru iturririk eza dela eta, etorkizuna kolokan zuen museoak duela aste gutxi.

Ondarearen erakustoki
Artziniegako museoa historia eta kultur ondarearen erakustokia da. Bizia, gainera. Izan ere, antzina nola bizi ziren erakusteko ekitaldi bereziak antolatzen dituzte urtean zehar. Horien artean daude txerriboda edo herri oratzea.


Lehenengoan, txerria nola hiltzen eta zatikatzen zuten irakasten dute. Era honetan, animaliaren inguruko makina bat irakaspen ematen dizkiete hurbiltzen diren haur, gazte eta helduei. Goiz bateko ekitaldiak izaten dira, baina arrakasta handia dutenak, jende ugari bertaratzen baita museora ikusi eta ikastera.


Herri oratzea aldiz, antzinako ogibideak zuzenean ezagutzeko antolatzen dute. Bertan, ogia nola egiten zuten entzun eta teoria praktikara eramaten dute partaideek. Edo, abereak ikusi. Paki Ofizialdegiren esanetan, antzinako bizimodua ezagutarazteko ekimenak dira.
Herri oratzearen kasuan ogia egiteko prestaketa lanak bezperan hasten dituzte. Tailerrean zehar, txorizoarekin ogi opilak egiten dituzte biharamunean. “Umeak labetik ateratzen ikusten dutenean harrituta geratzen dira”, dio.

Urtemuga ospatuz
Ibilbidearen balantzeaz galdetuta positiboa izan dela dio Jose Luis Fernandez Zurbituk: “Hala ere, guretzat baloraziorik garrantzitsuena bisitariek egiten dutena da. Orain arte, bikaina”. Fernandezen arabera, jendea harritu egiten da tresnen bilduma hain aberatsa ikustean: “Museoan dauden ordu eta erdia oso entretenituta igarotzen dute”. Horretaz, gida lanak egiten dituzten kideak arduratzen dira.


Aurtengoa, ordea, urte berezia izango da. Ez dute edonola ospatuko gainera, hitzaldi eta tailer ugari egingo baitituzte. Fernandezek presa gabe eta ilusioz ospatuko duela urteurrena dio; mahainguru batekin eta museoa bisitatzeko ate irekiak antolatuz.


Martxoaren 15ean, esaterako, musika barrokoaren emanaldia izango dute Yolanda Quincoces sopranoaren eta Idoia Aparicio gitarra-jotzailearen eskutik. Ekitaldia 20:00etan izango da.


Nahiz eta museoaren urteurrena martxoaren 25ean izan, ospakizun herrikoia asteburuan gauzatuko da. Izan ere, martxoaren 28an, mahai-ingurua egingo da museoak Euskal Herrian izandako balorazio eta eragina adierazteko. Horren inguruan, museoaren egoitza berrian parte hartu zuten buruzagiak arituko dira, hala nola, Juan Jose Ibarretxe, Imanol Aretxabala, Ramon Rabanera eta Julio Herrera. Gainera, igande horretan, martxoak 30, museoa zabalduko da eta libreki bisitatzeko aukera egongo da.


30 urte barru museoa bizirik ikustea gustatuko litzaioke Fernandezi. Nahiz eta, adinagatik, zaila izango dela aitortu. Dena dela, elkartera jende gaztea batzeari ezinbestekoa deritzo; proiektua berritu eta arbasoek utzitako ondarea aberasten jarraitzeko, “Artziniegako eta Euskal Herriko historiaren lagina baita”.


Eskualdeari dagokionez Artziniega, Orozko, Laudio eta Amurrio dira museoak dituzten herri bakarrak. Horietako batzuk, ordea, itxi egin dituzte. Laudioko euskal museo gastronomikoak, esaterako, duela gutxi itxi zituen ateak. Amurrion, ordea, Manuel Acha likore museoa zabalik dago 1913tik. Hain zuzen ere, likoreen Euskadiko lehen museoa da. Orozkoko museoan, berriz, erakusketak, hitzaldiak eta ibilaldiak antolatzen dituzte. Ondareari, ondar alea jarriz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide