"Bonbardaketak pairatzen dutenen artean egon naiz, eta ez bonba-jaurtitzaileen artean"

Aitor Aspuru Saez 2014ko ots. 19a, 09:04

TERESA ARANGUREN (Artziniega, 1944) kazetaria da. Ibilbide luzea egin du informazioaren esparruan: hainbat guda eta herrialde ugari ezagutu ditu, hedabide askorentzat lan egin du eta liburuak ere argitaratu ditu. Hala ere, inoiz ez du bere jatorrizko herria eta eskualdea ahaztu. Urtean behin gutxienez Aiaraldera hurbiltzen da indarrak berritzeko eta paisaiaz gozatzeko. Otsailean Bilbon egon da eta bi hitzaldi eskaini ditu.

 

TERESA ARANGUREN (Artziniega, 1944) kazetaria da. Ibilbide luzea egin du informazioaren esparruan: hainbat guda eta herrialde ugari ezagutu ditu, hedabide askorentzat lan egin du eta liburuak ere argitaratu ditu. Hala ere, inoiz ez du bere jatorrizko herria eta eskualdea ahaztu. Urtean behin gutxienez Aiaraldera hurbiltzen da indarrak berritzeko eta paisaiaz gozatzeko. Otsailean Bilbon egon da eta bi hitzaldi eskaini ditu.

 

Duela hamar egun edo Siriaren inguruan hitz egin zenuen Bilbon Santiago Alba Ricorekin, besteak beste. Zein izan zen zuen mezua?

Jardunaldien helburua izan zen, neurri batean, Siriako gatazkaren inguruko ikuspegi bakarra ez ematea. Siriak sufritzen duen lazgarrikeriaren ezaugarri bat da oso zaila dela jakitea modu fidagarrian nork egin dituen gauzak. Ez da erreza jakitea nork egiten dituen sarraskiak informazioa oso baldintzatuta baitago. Inguruko eta munduko herri boteretsuek interesak dituzte bertan eta.

Lekuko gehienak modu batean edo bestean inplikatuta daude.

Horrek aldi berean eragiten du Siriako drama ikusteko moduak kontrajarriak eta aurkakoak egotea Europan. Eta hori oso tristea da. Siriako gatazkak nolabaiteko apurketa sortu du Europako sentsibilitate ezkertiarrean.

Horren aurrean jakinmina duen ikuspegia sustatu behar dugu, gertatzen dena jakiteko gogoa duen ikuspegi apala sustatu behar dugu.

Ez dugu egia. Ezin dugu esan argi eta garbi hau edo bestea dela gertatzen ari dena.

Zentzu horretan balio handiko jardunaldiak izan dira. Iritzi anitzak egon dira, ez dute talkarik egin baina ñabardura ezberdinak izan dituzte.

 

Non kokatzen duzu zuk zure iritzia?

Daukagun ziurgabetasun mailatik abiaturik -ezin dugu jakin nork egin duen azkenengo sarraskia- nire ustez argiena da ahalegiun guztiak -diplomatikoak, informatiboak...- guda gelditzera bideratu behar direla.

Ezin dut inkestarik egin Siriako herritarren artean, baina ziur nago guztiek -gobernua babesten dutenek, errebeldeak babestu zituztenak eta gero iritzia aldatu zutenek, errebeldeak babesten dituztenek...- ados daudela horren beharrean. Sarraskiak eta herriaren txikizioa gelditzeko.

Bigarren maila batean geratu behar da nork duen arrazoia, premiazkoena da txikizioa eta mendeku dinamika etetea.

 

Siriaren inguruan hitz egin duzu, baina beste hainbat herrialdetan egon zara.

Kazetari gisa nire ibilbide gehiena gatazka guneetan egin dut. Ekialde hurbila nahiko ondo ezagutzen dut, nahiz eta mugak izan. Libano, Palestina, Siria, Jordania, Irak... herri horiekin lotura izan dut. Balkanak ere ezagutu ditut. Azken lurralde honetan indarkeriak protagonismo handia izan du, tamalez, herritarrentzat.

Nire burua ez dut ikusten guda korrespontsal gisa, askoz gehiago gustatzen zait "kazetaria guda gunetan" kontzeptua. Guda informazioaren joera da bonbardaketen eta armen ikuspegitik eta ez hori bakarrik, batzutan lehergailuak botatzen dutenen ikuspegitik jorratzen da albistea. Adibidez, horma-kazetariaren figura, hau da, kazetaria militarrekin joaten denean. Printzipioz kazetariak ez luke hori onartu behar.

Nire esperientziagatik, nire iritzia da guda batean kazetariaren lana dela jende apalari gertatzen zaiona kontatzea.

 

Bizi izan dituzun egoeren artean, zein izango da inoiz ahaztuko ez duzuna?

Niretzat 1982. urtean Israelen inbasioa Libanoren aurka. Nolabait nire lehen bizipena izan zen esparru horretan eta Beirut setiatuan egon nintzen.

Asko markatu ninduen horrek, profesionalki eta pertsonalki. Mendebaldeko Beirut horretan harrapatuta zeuden palestinarrak eta libanoarrak. Arratsalde guztietan israeldarrek bonbardaketak egiten zituen eta hiria sagu-zuloa zen. Guztiek espero zuten azkenengo erasoa.

Eta askorentzat une horretan heriotza helduko zen. Egoera horrek bizitzarekiko maitasuna piztu zuen eta nire oroitzapenak ez dira latzgarriak. Eskuzabaltasuna eta elkarlanak liluratu ninduen une horietan. Azken finean bonbardaketak pairatzen zutenen artean egon nintzen, eta ez bonbardatzen zutenen artean.

Palestinan ere esperientzia handia duzu eta pare bat liburu idatzi dituzu.

Bai, nik Palestinari denbora asko eskaini diot. Gaia modu sakonean ezagutzeko aukera izan dut. Palestinako herriarrek 50 urte eman dituzte egoera latzgarriak bizitzen, baina ni egon naiz oso garrantzitsuetan: Beiruteko setioa, lehen intifada, Jenineko errefuxiatuen kanpamenduaren aurkako erasoa...

Eta palestinarren artean egon naiz. Horrek eman dit herri hori ezagutzeko pribilegioa. Mantendu den herri bat ezagutu dut. Ez dute txikitu bere elkartasun sareak mantendu dituelako.

Banaketa politikoen gainetik, Palestinako gizartea izugarri solidario eta atsegina da.

Kanpotik heltzen zarenean etsipenez bizi duzu haien egoera eta zure buruari galdetzen diozu nola litekeen horrelako egoera gertatzea duela harmarkadak, XXI. Mendean, eta ezer ez gertatzea.

Palestinan egin dez espoliazioa eta garbiketa etnikoa giza krimen handia da. Eta egunero gertatzen den gauza da. Normalizatuta dago.

Eta orain RTVEko Administrazio Kontseiluan zaude.

Aldaketa handia. Ezker Batuak proposatu ninduen kontseiluan egoteko. Nik lan egiteko nituen aukerak erabat aldatu ziren. Azkenengo urteetan Telemadrid-en egon nintzen lanean, baldintza oso osasuntsuetan, hedabide publiko baten ikuspegitik behintzat.

Eredugarria izan zen Telemadrid, Esperanza Aguirre heldu arte, guztia suntsitu baitzuen. Langile guztiak bota zituen, ezinezkoa zen lan independienterik egitea...

Une aproposa zen niretzat. Esparru hori ez nuen ezagutzen baina asko ikasi dut informazio kudeatzailearen ikuspegitik.

Eta uste dut esperientzi interesgarrian parte hartu eta lagundu dudala, PPk RTVEko legea dekretuz aldatu baino lehen. Gu sartu ginenean RTVE aldatu zuten, gobernuaren esku egon ez zedin. Prozedurak sortu zituzten horretarako eta profesional fidagarriak hautatu ziren horretarako.

Hori bai, aro hori motza izan da eta bukatu da dagoeneko. Berez, ni eta beste hiru kontseilariei agortu zaigu kontseiluan egoteko denbora. Duela urte bat. Legebiltzarreko taldeek aldatu behar dituzte baina momentuz ez dute egin. Espero dut laster joatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide