Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Artziniega eta Gueñeseko udalek adostutako hitzarmena. Helburua, Artziniegakoek Sodupeko kiroldegiko udal igerileku estalia erabiltzea da. Hala, Artziniegako bizilagunek urteko eta hiru hileko KGT txartela erabiltzeko aukera izango dute. Akordioaren arabera, Artziniegako udalak erabiltzaile bakoitzaren txartelaren %25aren diferentzia ordainduko du. Zehazki, 18 urte artekoek urteko erabileragatik 84 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 99,7 euro. Hiru hileroko erabilera 31,5 eta 36,8 euroren truke egin ahalko dute, hurrenez hurren.
Auzoetan inbertsioak
Azaroaren lehenengo astean Artziniegako udala Tuterako Erretes, Santa Koloma, Soxoguti, Mendieta, Barrataguren, Ureta, Gordeliz, San Antonio, La Venta eta Kanpijoko auzokideekin bildu zen, haien behar garrantzitsuenak ezagutzeko eta auzoetan egingo diren obren lehentasunak finkatzeko. Jasotako proposamenak baloratu ondoren lehenengo obrak egin dituzte; Artumiana eta Soxogutiko sarbideen asfaltatzea, besteak beste. Horretarako, 2013ko aurrekontuetan gordetako 20.000 euro erabili dira. 2014an ere aldaketak egingo dituzte beste auzo batzuetan. Horien artean daude La Venta eta San Antonioko hornikuntzaren hobetzea Gordelizeko deposituaren bitartez. Edo, auzo ezberdinetan hirigintzako ekipamendua aldatzea. Auzokideekin hurrengo bilera ekaina aldera egingo dute.