Zuzendaritzak iazko diru-kontuak eta 2014ko ekintzen egutegia aurkeztuko ditu, besteak beste. Batzarra museoko ekitaldi-aretoan egingo da arratsaldeko 19:30etik aurrera.
Artziniegako Ganzorrotz mendizale-taldeak bere batzar nagusia egingo du bihar, hilak 17, arratsaldeko 19:30etik aurrera museoko ekitaldi-aretoan. Bertan, alde batetik, zuzendaritzako kideek 2013. urtearen balantze orokorra egingo dute (diru-kontuak, bazkideak, ibilaldiaren balorazioa) eta, bestetik, aurtengo aurrekontua eta ekintzen egutegia aurkeztuko dute. Iazko irteeren argazki-proiekzioa ere ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek, eta federatuen txartelak ere banatu egingo dituzte. Amaitzeko, otamen txiki bat eskainiko da. Batzarra irekia izango da bazkide zein bazkide ez direnentzat eta udalerriko beste elkarteentzat.
Web gunean jakinarazi dutenez, Ganzorrotzek aurtengo lehenengo irteera urtarrilaren 25an egingo du Balmasedako Kolitza mendira. Otsailean neguko irteera egingo dute Castro Valnerara, eta martxoaren lehenengo igandean Artziniega Ibilaldiaren 4. edizioaren txanda izango da. Gainerakoan, hilean behin mendi-irteera bat antolatuko da, eta uztailean Ordesara joango dira asteburu baterako.