Artziniegako Museo etnografikoa diruz laguntzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta Udalak. Lehenak, 30.000 euro emango dizkio. Bigarrenak, aldiz, 40.000. Diru iturririk eza dela eta, etorkizuna kolokan zuen museoak.
Artziniegako Etnografia museoa Aiaraldeko eta Euskal Herriko kulturaren zaintzaile eta erakusleetako bat da, 2000 m2 baino gehiago ditu erakusketak egiteko. Museoaz aparte, hau kudeatzen duen Artea Etnografa Elkarteak, kultur ekintza anitz antolatzen ditu, ia ahaztuta dagoen garaia oroituz.
Elkarlana
Museoaren jarraipena bermatzea administrazioarekin elkarlanean egin da, Artziniegako udalak, krisia dela eta, Artea elkartearekin adostutako hitzarmena apurtu zuen arte. Harrezkero, museoaren irekiera kolokan geratu zen. Itxiera ekiditeko hainbat administraziorekin kontaktuan jarri zen Artea: Eusko Jaurlaritzarekin, Udalarekin, Arabako Aldundiarekin eta Biltzar Nagusiekin. Gainera, Museoaren egoera zuzenean ezagutzeko hainbat eragilek bisitatu dute museoa.
Denbora horretan, Eusko Legebiltzarreko PSE-EE taldeak, Museoaren egoera ezagutzeko aurrekontuak eskatu zizkion Arteari eta Euskadiko aurrekontuetan 30.000 euroko saila proposatu du. Honetaz aparte, udalak 40.000 eurorekin laguntzea hitz eman du. Urtebete baino gehiagoko ezegonkortasunaren ondoren, beraz, Museoaren etorkizuna argituz doala dirudi.