Artziniegako Bizindar sokatira-taldeak bere herrian aritzeko aukera izango du igande honetan, Euskal Herriko 4x4 txapelketaren saio bat bertan jokatuko baita, goizeko 11:15etik aurrera. Emakumezko eta gizonezkoen 260 kiloko eta 300 kiloko kategoriak jokatuko dira, hurrenez hurren.
Neskentzat bigarren proba izango da, eta Bizindar taldearekin batera beste lau talde arituko dira: Gasteizko Badaiotz, Ibarra A eta B eta Arrigorriagako Sokarri. Mutilen kasuan, aldiz, laugarren saioa izango da eta bi multzotan banatuko dira taldeak: A multzoan Sokarri C, Ibarra B, Baigorri, Nabarniz eta Basaburua-Imotz, eta B multzoan Ñapurrak A, Iparralde A, Ibarra A, Berriozar eta Txantrea.
Ibarra A, faborito nagusi
Iazko txapelketan eta aurtengo 1. proban nagusitasunez gailendu ostean, Ibarrako nesken taldea da faborito nagusi kinieletan. Bizindar taldea, berriz, afizioaren aurrean onena emateko prest aterako da, Arrigorriagan 4. postua eskuratu ondoren.
Mutilen kategorian, Arrigorriagako Sokarri oso indartsu dabil, eta 320 kiloko txapelketan erakutsitako sendotasuna berretsi egin beharko du.