"Munduko jaiotzen erakusketak ez du parekorik munduan, 1.827 jaiotza bildu ditugu aurten"

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abe. 12a, 07:00

TERESA LAFRAGUA ALVAREZ (Artziniega, 1956) urteak daramatza “Munduko Jaiotzak” erakusketa antolatzen Santxotena Museoan. Aurten errekor berri bat lortu du erakusketak: mundu osoko 1.827 jaiotza egongo dira ikusgai, iaz baino 200 gehiago.

Aurten ere Munduko Jaiotzen erakusketa antolatu duzue Artziniega Museoan. Zer nobedade dakartza?

TERESA LAFRAGUA ALVAREZ (Artziniega, 1956) urteak daramatza “Munduko Jaiotzak” erakusketa antolatzen Santxotena Museoan. Aurten errekor berri bat lortu du erakusketak: mundu osoko 1.827 jaiotza egongo dira ikusgai, iaz baino 200 gehiago.

Aurten ere Munduko Jaiotzen erakusketa antolatu duzue Artziniega Museoan. Zer nobedade dakartza?

Aurten 1.827 jaiotza ditu erakusketak, iaz baino 200 gehiago. Jaiotzekiko kultura berreskuratzeko asmoz egiten dugu ekimen hau, azken urteetan nahikoa galdu baita kultura hori. Hortaz gain, etnografia eta antropologiaren alorrak ere jorratzen ditugu, jaiotzen bidez ohitura eta usadio zaharrak berreskuratuaz.

Aipatzekoa da baita erakusketa honek ez duela parekorik Espainian pieza kopuruari dagokionez. Erakusketa hau bakarra da munduan, hori esaten didate nazioartean dauden erakusketak ikertzen dabiltzanak. Eta hemen daukagu, Artziniegan. Gehiago baloratu beharko litzateke, ez baita uste bezain ezaguna.

Nola iritsi zarete 1.827 jaiotza izatera?

Duela 18 urte hasi ginen erakusketa hau egiten, Bozateko Gorrienea museoan. Jaiotzen kultura berreskuratzea eta umeentzako gabonetako postalen lehiaketa bat egitea zen garai hartako asmoa. Jendeari ekimena gustatzen zitzaiola ikusi genuen orduan, eta geroz eta jaiotza gehiago lortzen hasi ginen, gure kabuz edota munduan zehar bidaiatzen duten senide eta lagunen laguntzarekin. Ez dugu jaiotzak bilatzeko bidaiatzen.

 

“Egiten ditugun bidaiak baliatu egiten ditugu tokian tokiko artisauekin kontaktatu eta jaiotzak enkargatzeko”

 

Aurten A Coruñako zeramikari batek eginiko belen zoragarri bat dugu. Berarekin kontaktatu genuen lehen aldian atearekin muturrean eman zigun ia-ia, agnostikoa delako eta ez zitzaiolako jaiotza bat egitearen ideia gustatzen. Baina oraingoan animatu egin da. Cadizeko jaiotza bat ere badugu, nire lehengusinaren senarraren bitartez lortu duguna. Horrelako jaiotzek harridura sortzen dute bisitariengan, ez dutelako parekorik.

Artisauei enkargatuta lortzen dituzue jaiotza gehienak beraz?

Belen guztiak erosiak dira, ez dugu dohaintzarik jasotzen. Egon dira jaiotzen piezak ekarri izan dizkiguten bisitariak, baina salbuespena dira.

Gainontzeko autonomi erkidegoetatik ekartzen ditugun belenak artisauei zuzenean enkargatutakoak dira. Munduko beste txoko batzuetatik ekarritakoak, aldiz, ez. Bidaiatzen zaudenean ez dugu artisau bat topatu eta pieza batzuk enkargatzeko adina denborarik izaten. Hori dela eta, merkatu eta dendetan topatzen baditugu erosi egiten ditugu. Pazkoa Irlatik ekarri genuena da salbuespena. Hiruzpalau egunetan egin ziguten, oso abilak direlako egurra lantzen.

Gastu ekonomiko handia suposatuko du horrenbeste pieza erosteak.

Noski. Naiz eta jaiotza asko oso txikiak izan, guztien prezioak batuz gero ez dut imajinatu ere egin nahi zer nolako diru kopurua aterako litzatekeen.

 

“Elkarlan gehiago egon beharko litzateke udal zein bestelako instituzioekin”

 

Badaude zenbait erakusketa 200 jaiotza inguru izanda diru-laguntza ugari eta arreta mediatiko nabarmena jasotzen dutenak. Babes instituzional handiagoa izan beharko genuke.

Hasi zarete bisita gidatuak egiten. Zer nolako harrera jasotzen ari zarete bisitarien aldetik?

Geroz eta ezagunagoa da erakusketa, geroz eta komunikabide gehiagotan azaltzen garelako. Bilbo zein Madrilen egon naizenean jendea gerturatu izan zait erakusketaz hitz egiteko.

Bisitariak harritu egiten dira erakusketa ikusten dutenean. Jende gehiena bisita labur bat egiteko intentzioarekin sartzen da museora, baina jaiotza guztiak ikusteko ordu bat baliatu behar da gutxienez. Jende gehienak ordu eta erdi igarotzen du esposizioan

 

“Jendearen harridura hori da erakusketa prestatzera motibatzen zaituena”

 

Urriaren 8an hasi ginen erakusketa muntatzen, eta oraindik pieza batzuk jartzeke daude, erakusketa duela astebete ireki genuen arren. Bi hilabete behar izaten ditugu erakusketa oso muntatzeko. Urtero belen berriak daudenez aurreko edizioko planteamendua moldatu behar izaten dugu, kontzeptua eta espazioak aldatuaz. Herrialde askotako piezak ditugu: Hego Amerikakoak, Indonesiakoak, Europakoak zein Espainiako hainbat Autonomi Erkidegoetakoak. Errusiako jaiotza ugari ditugu aurten, 20 inguru.

Beti izaten ditugu azken momentuan iristen diren jaiotzak eta gehienetan albo batera utzi behar izaten ditugu.

Hurrengo urteko edizioa prestatzen zabiltzate jada?

Ez. Orain erakusketan zentratuta gaude, bisitaria gustura egotea da lehentasuna. Ez dakigu zer izango dugun datorren urtean. Ez gara bildumazaleak. Piezak berarentzat gordetzen dituena da bildumazalea. Guk artisauekin esperientzia konpartitu bat izatea bilatzen dugu. Beste herrialde batzuetako ohiturak gurera ekartzen ditugu, museora datozen bisitarien gozamenerako. Ez gara herrialde konkretu batzuetako jaiotzak izatera tematzen. Egoeraren arabera toki batekoak edo beste batekoak lortzen ditugu.

Erakusketaren ordutegiei buruzko informazio guztia hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide