Gazteentzako gune bihurtuko dute Artziniegako Goikoplazako udaletxe zaharreko beheko pisua. Ostegunean onartu zuten aho batez udal osoko bilkuran.
238.400 euro baliatuko ditu udalak horretarako, Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza baliatuta.
Eraikinaren hiru solairuak egokituko dira. Beheko pisuan gazteentzako gunea kokatuko da. Gainera, aztertuko dute bigarren solairuan 18 urte gorako gazteek ikasteko aukera izan dezaten lekua jartzeko aukera.
Berogailu sistema berria eta igogailua jarriko dira, eta solairu bakoitzak bere komun propioak izango ditu, daudenetan irisgarritasuna bermatuko dute. Hortaz gain, eraikin osoaren egurrezko egitura berrituko da eta itoginak konponduko dituzte.
"Udarako prest"
Udalak aurreikusi du obrak laster esleitzea eta bost hilabeteko epean amaituak egotea. Gauzak hala, udarako funtzionamenduan egongo litzateke Artziniegako gazteentzako gunea.
Kudeaketa eredua
Udalak erabaki behar du oraindik zein izango den kudeaketa eredua. Izan ere, bi aukera ditu; gazteek hartzea ardura hori edo begiralea kontratatzea horretarako.