Alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dira udal-aurrekontuak, botoetan berdindu ostean

Erredakzioa 2017ko ots. 10a, 22:42
Atzo onartu ziren aurrekontuak, Udal Osoko Bilkuran.

170.188 euro bideratuko dira inbertsioetara. Hauek dira egingo diren obra nagusiak: Barcena auzoko aparkalekua, bus geltokiko gunearen hobekuntza eta igerilekuen arazketa sistemaren hobekuntzarako proiektua.

Atzo onartu ziren Artziniegako Udalaren 2017rako aurrekontuak. EAJ-PNVk alde bozkatu zuen eta EH Bildu eta PPk, aldiz, kontra. Botoetan berdinketa bat eman zenez, Iñigo Gomez alkatearen kalitatezko botoaren bidez onartu ziren aurrekontuak.

Gauzak hala, 1.810.814,13 eurokoa izango da aurtengo aurrekontua, iaz baino % 4,64 gehiago. Igoera hori eman da aurten Fofelek  (Tokiko Erakundeen Finantzaketa Funtsaren Kutxak) diru gehiago emango diolako udalari.

Inbertsioetan % 60ko igoera
Udaletik jakinarazi dute 170.188 euro bideratuko direla inbertsioetara, iazko aurrekontuan aurreikusitakoa baino % 60,69 gehiago. Ondorengo obretan inbertituko da: Barcena auzoko aparkalekuan, bus geltokiko gunearen hobekuntzan eta igerilekuen arazketa sistemaren hobekuntzarako proiektuan. Auzoetan ere hainbat obra egitea aurreikusi du udalak. Argiteria berrituko da eta proiektua egingo da Barratxiko bidea birbaloratzeko.

Oposizioaren kritikak
EH Bildu eta PPk hainbat kritika helarazi dizkiote EAJren udal-gobernuari. EH Bilduko zinegotzia den Arkaitz San Josek salatu du Iñigo Gomez alkateak ez ziola hitza hartzen utzi aurrekontuak azaltzeko eginiko bileran, zinegotzia zela argudiatuta. “Zinegotziak izango gara, baina horrek ez digu hiritar gisa ditugun eskubideak kentzen”, adierazi du San Josek. Iñigo Gomezek erantzun dio esanez zinegotziek parte hartzeko badaudela “beste foro batzuk”, eta  bilera horren helburua ez zela pleno bat egitea.

Aurrekontuen harira, EH Bilduko zinegotziak azaldu du “zerbitzuetan zementuan baino gehiago” inbertitu beharko litzatekeela. “Horretara egon dira bideratuak gure ekarpen guztiak”, zehaztu du. San Josek gaineratu du aurrekontuei begira egin den prozesua ez dela parte hartzailea izan. “Aurpegia garbitzeko propaganda ekintza bat izan da”, kritikatu du zinegotziak, eta azpimarratu du beste modu batean lan egin behar dela “hiritargo ahaldundu bat” lortu nahi bada. “Arimarik gabeko aurrekontua da. Kudeatzaile huts izatera mugatu zarete”, esan die EH Bilduko zinegotziak gobernu-taldeko kideei.

Alderdi Popularrarentzat, aldiz, aurtengo aurrekontuak “iazkoen kopia txar bat” baino ez dira. Joseba Elejalde zinegotziak adierazi du aurrekontuaren gehiengoa ohiko gastuetara bideratzen dela, “inbertsioetarako % 9 baino ez utziaz”. Hortaz gain, Elejaldek azaldu du ez direla kontuan hartu berak eginiko emendakin batzuk.  Besteak beste, Aiaraldea Komunikazio Leihoak jasotzen duen diru-laguntza kentzea proposatu du PPren zinegotziak, inpartziala ez izatea egotzita. Museo Etnografikoari ematen zaion laguntza ere kentzea eskatu du, “Eusko Jaurlaritzak zenbat diru emango duen zehaztu arte”. Kiroldegiari dagokionez, udalbatzan zehaztutako tasak aplikatzea eskatu du PPko zinegotziak.

Iñigo Gomez alkateak kritika horiei erantzun zien esanez udal talde guztiek izan dutela aurrekontuei ekarpenak egiteko tartea, eta EH Bilduren zein PPren proposamenetako batzuk aurrekontuan txertatu direla. “Ekarpen garrantzitsuenak kontua eduki ditugu”, adierazi du alkateak, “lan egiten gabiltza, gogotsu eta erabakitasunez, gustatu edo ez”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide