aiaraldea.eus

"Otsoa Gorobelen ikustea une bizia, motza eta iheskorra izan zen"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru Saez   Ingurumena  Artziniega

ROBERTO GONZALEZ argazkilaria Artziniegan bizi da eta natura irudiak egitea gogoko du. Besteak beste, otsoari argazkia egin zion Gorobelen.

"Otsoa Gorobelen ikustea une bizia, motza eta iheskorra izan zen"
Denbora asko igarotzen du Gozalezek animaliak behatzen, gero argazkiak egiteko. Argazkia: Roberto Gonzalez | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola hasi zinen natura argazkiak egiten?
Denak bere prozesua dauka. Oso modu naturalean hasi nintzen. 14 urterekin parte hartu nuen naturaren defentsarako eta ikerketarako talde baten sorkuntzan nire auzoko lagun batzuekin, Sestaon.

Bertan hasi nintzen naturaren behaketan, ikasi nuen espezieak bereizten, ohiturak ezagutzen... eta horrek eraman ninduen jasotzera iruditan lilura sortzen zidan hori. Ondorioz, zerbait aurreztu ostean nire lehenengo argazkilaritza tresnak erosi nituen, 80. hamarkadaren amaieran.

Hasieran argazkiak egiten nizkion nire txangoetan topatzen nuen orori: paisaiak, landareak, hegaztiak, intsektuak, anfibioak, narrastiak... baina denboraren poderioz konturatu nintzen beharrezkoa dela tresna egokiak izatea emaitza onak lortzeko, eta horrek behartzen zaitu esparru batean aditu bilakatzera. Gauzak horrela, gai ugari landu ditzakedan arren, aditu egin nintzen faunan (hegaztiak eta ugaztunak) eta paisaietan.



Zein da erabiltzen duzun prozedura?
Lehen denboraren poderioz ikasten zen prozedura, baina egun interneti esker beste argazkilarien teknikak eta lan egiteko ereduak ikas ditzakegu. Saiakerak egiten urteak igarotzea suposatzen zuen horrek lehen.

"Fauna argazki onenak ez dira paseoan zabiltzala egiten"

Azkenean konturatzen zara faunari buruzko argazki onenak ez direla egiten paseoan argazki makina gainean eramanda Aldez aurreko prozesua behar du, hasiberria gai ikusteko ez dena irudia behatzean. Orokorrean fauna erakartzen da janaria edo ura baliatuta puntu jakin batera eta bertan itxaroten zaio ezkutalekuan edo “hide”-an. Handik egiten zaio argazkia.

"Animaliak erakarri behar dira janaria edo ura erabilita"

Esaterako, ikazkinaren argazkia egitearen prozesua -beheko argazkia- hilabete batzuk lehenago hasi zen hegaztien janlekua jarrita neguan. Horrela hegaztiak ohitu ziren egunerokotasunean leku horretara hurbiltzera.

Hala ere, behin animaliaren presentzia izanda, irudia diseinatu behar da. Kasu horretan, egin nahi izan nuen irudia kutsu kontserbatzailearekin, ura aurrezteko eta salatzeko gizakiak nola ustiatzen duen gehiegi bitarteko hori, gainerako izaki bizidunetan pentsatu gabe. Horregatik bilatzen nuen hegaztia hegan egiten joatea iturrira, baina txorrotatik ur tanta bat ere ez ateratzea.

Orduan moldatu behar izan nintzen txoriak interesa izan zezan txorrotan eta horretarako erabili nuen janaria, ura baino. Txorrota zaharra erosi nuen antzinako gauzen denda batean eta janaria jarri nion barruan.

Gainerakoa lortu nuen hainbat argazki eginda abiadura bizian, txoriaren mugimendu azkarrak izozteko. Bi irudi utzi dizkizuet, 10 urteko tartearekin, atzeko partea berdea dena (goiko irudia) diapositiba pelikulan eta bestea (behekoa) digitalean.



Nire lana zabaltzen dut plataforma digitaletan: www.arimastudio.com-en, facebook-en, instagram-en, Fotonatura.org-en eta, noizean behin erakusketak egiten ditut.  

Zer nahiago duzu jasotzea argazkietan eta zergatik?
Oro har islatzen da errazena eta ugariena dena, bereziki modu profesionalean ez bazara aritzen. Hori izan ohi da paisaia eta hegaztiak. Hortaz, horiek dira zale gehien biltzen dituzten diziplinak, ahalegin txikiagoa eta denbora gutxiago behar delako eta irudi oso anitzak eskaintzen dituztelako.

Baina denboraren poderioz aditua bilakatu naiz gai jakinetan eta teknikoagoetan, adibidez, faunaren argazkiak abiaduran hartzean. Erotzen nauen diziplina da gai delako 1/10.000 segundotan gertatzen diren gauzak izozteko eta, modu horretan, ikusteko gai ez garena azaleratzeko. Tresna oso berezien erabilera beharrezkoa da, baina emaitzek konpentsatzen dituzte ahalegina eta inbertitutako denbora.

30 urtez esperientzia metatu ostean zenbait tailer eta workshop abiatu ditut hainbat argazki esparrutan (abiadura handia, hegaztiak ezkutalekutik eta janlekuan, paisaia, gaueko argazkigintza...). Eskaera handia dago natura argazkigintzan, baina trebakuntza gutxi ingurumena errespetatzeko etikari eta portaerari dagokionez.

Zein izan da zuretzat urte hauetan bizi izan duzun unerik bereziena?
Egia esanda, hainbat ordu argazkiak prestatzen eman ondoren, naturak ezustean harrapatzen zaitu eta aukera ematen dizu pribilejiatu gutxi batzuei erreserbatutako uneekin.

Azaroko goiz hotz batean Gorobeleko begiratoki natural batean bertako fauna jasotzeko argazkietan (orkatzak, basurdeak...) urruti ikusi nuen txakur baten antza zuen animalia. Baina ez zen txakurra, korrika egiteko moduagatik beste zerbait zirudien.

Enfokatu nuen ahalik eta lasterren eta dozena erdi argazki egin ostean konturatu nintzen otso bat zela, ihesean. Otso eme polita zen ziztu bizian larreak zeharkatzen mendiko bidean. Bere ihesaldiaren arrazoia? Bi ehiztari ikusi nituen bost minutu beranduago txakurrekin. Une bizi, motz eta iheskorra izan zen eta maitasunez gogoratzen dut.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa