Euskararen normalizazioa Aiaraldean

EH Bildu eta PP, elkarri eskutxutik helduta (euskararen alde)

Txabi Alvarado Bañares 2017ko api. 12a, 10:24

ZuZeu atariko Maragaritxon erabiltzaileak plazaratu du testu hau eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

Milaka lagunen pausuan, milaka lagun euskaldun eta euskaltzalerenean, hamar egunez eta 2.500 kilometro ingurutan Korrikak erakutsi digu, beste behin, superbotereak dituela, ezetz?

Euskararen aldeko lasterketa zirraragarria da oso, eta gutako bakoitzari bizipen gozo bat uzten dio gogoan gordeta, bat edizio bakoitzeko.

Gutako bakoitzaren bizipenetatik aparte, baina, beti uzten du irudiren bat ere, epikoa, jendetsua, aldarrikatzailea, bustia, alaia, isila… errretinan gordetzekoa. Aurtengo edizioan, 20. Korrikan, nik azpian duzuen irudi hauxe aukeratu dut beste guztien artean.

Ez da, seguruenera, hedabideetan agertu direnen artean ederrena, badakit. Bertan agertzen diren zoro zoragarriak bi baino gehiago dira, ez doaz aldapan gora korrika, ezta euripean ere, ezta goizaldeko ordu txikietako iluntasunean ere. Ez dira belaunaldi ezberdinekoak, neskato gaztea eta aitona zaharra. Ez  da euskaltzalez jositako hirietako etorbide amaiezinik ikusten bertan, ezta lekukoa eta azken korrikalaria lotzen dituen erromako zubirik ere, zerua argitzen.

Argazkiak bi korrikalari aurkezten dizkigu, lekuko bera daramaten bi gizon. Joseba dira biak, Vivanco bata, Elejalde bestea (irakurri bakoitzaren aurkezpena eta ea asmatzen duzuen nor den nor).

Joseba Elejalde PPko zinegotzia da Artziniegan, eta Aiaraldeko Alderdi Popularreko presidentea. Orain arte euskararen alde egin izanagatik nabarmendu ez bada ere, aurtengo Korrikan kilometro mordoa egin omen ditu tipi-tapa tipi-tapa, edo trostan, ezagun baitu kirolzalea dela, akaso korrikalaria.

Joseba Vivanco kazetaria da, eta kirol kazetaritza jorratzen du Gara egunkarian; Athletici buruz idazten du. EH Bilduren zinegotzia ere bada Artziniegan.

Argazkia, hain zuzen ere, Araialdeko herri horretanxe ateratakoa da; Bizkaia, Araba eta Burgosen arteko erpin geografiko berezian, Santa Koloma auzoan.

Korrikak baino ez du ahalmen hori. EH Bildu eta PP elkarri eskua emanda eta euskaren alde, ikurrinadun lekukoarekin, non eta Burgoseko errepideetan. Ez esan ez denik magikoa!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide