Euskadiko Boccia Txapelketa irabazi berri duzu. Zein kategoriatan?
Hainbat kategoria daude. Ni BC3 kategorian nago. Iragan asteazkenean norbanakoen modalitatean lehiatu nintzen, eta aurreko asteazkenean bikotek. Bigarren postua lortu genuen bikoteka, eta norbanakoen kategorian lehen postua.
“Pena da aurten ezingo garela Espainiako Txapelketara joan, dirurik ez dugulako”
Sari garrantzitsua da Euskadiko Txapelketakoa. Lorpen handia da?
Lorpen bat da niretzat. Bi urtez egon naiz jokatu gabe, nekeagatik. Baina aurten berriz itzuli naiz elitera. Pena da aurten ezingo garela Espainiako Txapelketara joan, bertara joateko aurrekonturik ez dugulako. Beste urte batzuetan egon izan gara lehiaketa horretan.
Bi urte igaro dituzu boccian lehiatu gabe. Baina aurretik ibilbide luzea egina zenuen, ez?
Bai. Euskadiko Txapelduna izan naiz, eta Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu nuen bikotekako kategorian.
Noiz ekin zenion kirol hau praktikatzeari?
29 urterekin hasi nintzen. Lagun batek animatu ninduen. Berak sartu ninduen Aspacen (Buruko Paralisiaren Elkartea). Elkarte hori da kirol hau sustatzen duena. Probatu nuen eta gustatu egin zitzaidan. Ordutik daramat boccia praktikatzen. Gasteizko San Andres kiroldegira joaten naiz entrenatzera.
Lehenago beste kirolen bat egiten zenuen?
Bai, aulki elektrikoentzako moldatutako slaloma. Bost aldiz jarraian izan naiz Espainiako Txapelduna. Oztopoak saihestean datza kirol hori. Boccia eta slaloma uztartzen egon nintzen zenbait urtez, baina orain boccia soilik praktikatzen dut.
Zergatik?
Aulki elektriko oso on bat neukan, baina apurtu egin zen.
“Slalomean abantaila da aulki azkar eta arina izatea”
Garrantzitsua da aulki ona izatea kirol horietan?
Boccian aulkiak ez du inolako eraginik, baina slalomean bai, abantaila handia da aulki azkar eta arina izatea.
Zertan datza boccia?
Estrategia eta punterian oinarritutako joko bat da. Petankaren tankerakoa da. Bola txuri bat botatzen da lehenbizi, eta gero gainontzeko pilotekin bola horretara hurbildu behar zara. Nire modalitatean kanaleta moduko bat baliatzen dugu pilotak botatzeko.
Ezberdintasun asko dago bakarka edo bikoteka jokatzearen artean?
Bikoteka jokatzearen alde ona da zure kidearekin harreman ona baduzu aberasgarria suertatzen dela. Daukan alde txarra da bikoteka jokatzean piloten erdia (hiru) baino ezin dugula erabili, konpartitu behar ditugulako.
Zerk erakarri zintuen kirol honetatik?
Jende berria ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematen zidala.
Zer nolakoak dira entrenamenduak?
Asteazkenetan entrenatzen dugu, ordubete. Boccian jokatu baino lehen luzaketa batzuk egiten ditugu, fisioterapeuta baten laguntzarekin. Urrian hasten gara entrenatzen, eta ekainera ditugu partiduak.
“Ilun ikusten dut etorkizuna. Klubeko bazkideok gure patrikatik ordaintzen ditugu gastuak. Diru-laguntza gehiago zeuden lehen”
Bi urte igaro dituzu jokatu gabe. Zer dela animatu zara berriz lehiatzera?
Beti gustatu izan zait boccian jokatzea, baina geldialdi bat egin behar nuen apur bat deskantsatzeko.
Zein da urte honetarako duzun helburua?
Entrenatzen jarraitzea, txapelketetarako prestatuago egoteko.
Eta etorkizunera begira?
Ilun ikusten dut etorkizuna. Krisiarekin zail ikusten dut babesle bat agertzea estatuko txapelketara joateko bidaia ordaintzeko prest egongo dena. Klubeko bazkideok gure patrikatik ordaintzen ditugu gastuak. Diru-laguntza gehiago zeuden lehen.
Kirol gutxitua da boccia, baina EAEn badago kirol hau praktikatzen duen jende ugari. Gipuzkoan eta Bizkaian ere taldeak daude, Aspace elkartearenak biak.