Larunbatean, ekainaren 17an, egingo dute Artziniegako hirigune historikoko jaia. Bertako bizilagunen elkarteak prestatu du egitaraua, Artziniegako Udalaren laguntzarekin.
Auzolana izango du festak oinarri. Izan ere, herritarrek prestatutako jakiek eta ekintzek ezaugarrituko dute jaia. 19:30ean hasiko dira jarduerak, umeentzako jolasekin. Besteak beste, aurpegia margotzeko aukera eskainiko dute. Buruhandiak ere egongo dira, eta patata tortila dastaketa herrikoia egongo da baita, 20:30ean. "Aurten ere, krisiak krisi, herritarrei laguntza eskatu diegu patata tortilak egin ditzaten edo txokolatea zein esnea eraman dezaten", adierazi dute antolatzaileek. Artean eman beharko da izena horretarako. Jakiak, aldiz, "Artea" dendan utzi beharko dira.
Dantzaldia eta txokolatada egongo dira jai eguna bukatzeko. 20:30ean hasiko da lehena, Otegi berbenarekin. Bigarrena, berriz, 22:00etan izango da; txokolatada, hain zuzen. "22:30ean bukatuko da festa. Baten batek txanpaina badakar, edango dugu!".