Hiriko ortu bat prestatu dute Artziniegako Eguneko Zentroak eta Udal liburutegiak, bi guneetako erabiltzaileek baliatu dezaten. Kultur Etxean kokatu dute baratza, liburutegia dagoen eraikinean. Hainbat dira egitasmo horrekin lortu nahi diren helburuak, udaletik jakinarazi dutenez. “Elikadura eta bizimodu osasuntsuagoa” sustatu nahi dute, Nagusien parte hartzea handitzearekin eta “belaunaldien arteko harremanak” indartzearekin batera.
“Biblioterraza”
Hiriko ortua ez da izango liburutegiak udan izango duen berezitasun bakarra: “Biblioterraza” izeneko ekimena gauzatuko dute. “Liburutegia kalera” aterako dute horretarako, parrokiako arkupeetan kokatuko da.
Hainbat gauza topatu ahalko dira bertan: liburuak, gaurkotasun aldizkariak, prentsa, mahai jokoak, mahaiak, aulkiak, umeentzako tatamia... 9:30etik 14:30era egongo da jarrita, ekainaren 26tik aurrera. “Erabiltzaileak erakartzea” eta Hirigune historikoari “ikusgarritasuna” ematea izango da ekimenaren xedea.
