Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren karabanan parte hartzen ari zara, zertan datza ekimena?
Iaz egindako lehenengo karabanan parte hartu nuen, Greziara joan ginen "Mugak irekitzen" lelopean. Horren ostean, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba mugimenduan sartu nintzen.
Europako Hegoaldeko muga Egeo itsasotik Gibraltarreraino heltzen denez, bertan egiten diren giza eskubideen urraketak ikusteko etorri gara Melillara.
Zer egiten ari zarete karabanan?
Uztailaren 14an abiatu ginen Euskal Herriko zenbait puntutik 4 autobus eta Kantabria, Huesca eta Errioxako jendea batu zen.
Gero Bardeetara joan ginen eta han militarren aurrean egin genuen protesta. Mugen egoera arazoaren ondorio bat da, arrazoiak bestelakoak dira, gure ustez. Horien artean daude gerrak, guk babesten ditugunak gure bizitza maila mantentzeko. Ekintza horren bitartez ezezko borobila esan nahi genien gerrei.
Berez, guk nabarmendu nahi ditugu migrazioaren arrazoiak: gerrak, gosea, aldaketa klimatikoa eta hainbat jazarpen... LGTBI kolektiboaren aurkakoak, adibidez. Horiek guztiek bultzatzen dute jendea bere herritik ateratzera. Erroetara jo nahi dugu.
"Migrazioaren arrazoiak nabarmendu nahi ditugu: gerrak, gosea, aldaketa klimatikoa, LGTBI kolektiboaren aurkako jazarpenak..."
Madrilen Kongresuaren aurrean egin genuen beste ekintza bat, azken finean, bertan egiten dituzte giza eskubideak urratzen dituzten legeak. Manifestazioa ere egin genuen.
Algeciraseko CIE-an (Centro de Internamiento de Extranjeros deitzen dutena) egon ginen, bere itxiera eskatzeko. Eraikin hori espetxe zaharra zen eta bere garaian utzi zioten erabiltzeari ez zuelako betetzen gutxieneko baldintzak norbait bertan bizitzeko.
Orain pertsona migratzaileak sartzeko ireki dute berriro. Euren delitu bakarra izan da paperik ez izatea, baina hori hutsegite administratiboa besterik ez da. Pentsa behar dugu hutsegitea egiteagatik askatasuna kentzen dietela. Gainera, espetxe barruan dituzten bizi baldintzak penagarriak dira eta epaileek ere salatu dituzte.
Hurrengo egunean Tarifako CIEra joan ginen, baina ezin izan ginen hurbildu eta salatu nahi izan genuen dauden barne mugak migratzaileak kriminalizatzeko.
Malagan ere egon ginen, bertan baitago concertinen lantegia. Concertinak dira hainbat mugetan jartzen ari diren hesi ereduak eta Malagatik saltzen dituzte mundu osora.
Jendeak burura eramaten ditu eskuak Trumpek hesia eraiki nahi duelako Mexikon, baina Ceuta eta Melillako harresiak aspaldikoak dira eta horregatik gaur muga horietara heldu gara. Melillan bertan gaude orain, hesian.
Hemen CETIak ez ezik (migratzaileak tarte batez sartzeko guneak), tokiko idiosinkrasia batzuk ere salatu ditugu, hiri hau autonomoa den neurrian. Emakumeengan jarri dugu fokoa, besteak beste.
Marokoko erreinuak ez du aitortzen Melillaren izaera autonomoa eta muga hori ez da existitzen eurentzat, hutsune legala dago. Horren ondorioz, pertsonek sartzen dituzten merkantziak -gainean eramaten badituzte- eskuko ekipajetzat jotzen dituzte.
"Behatzaile lanak egiten ditugu giza eskubideen urraketak salatzeko"
Horrela, ehunka emakume daude fardelak garraiatzen; batzuetan paketeek pisatzen dute emakumezkoek baino gehiago, ekonomia guztiz alegala da eta emakumeek ez dute inolako eskubiderik, Espainiako eta Marokoko poliziaren tratu txarrak jasotzen dituzte eta batzuk hil dira jende-oldeak gertatu direnean. Bertako segurtasun indarrentzat ez dira gizakiak, mandoak baizik, eta bortizkeriaz tratatzen dituzte.
Gaur zeharkatuko dugu muga ikusteko zer nolako egoeran bizi den jendea Marokoko aldean. Behatzaile lanak egingo ditugu salatzeko giza eskubideen urraketak, guztiok izan behar dugu eskubideen jabe.
Hurrengo egunetan bidea jarraituko duzue, ezta?
Bai, CETIra bertaratuko gara; han migratzaileak pilatuta daude, senideak sakabanatzen dituzte, ez dago zerbitzu nahikorik jendearen beharrei aurre egiteko... Hesiraino heltzen diren emakume asko salerosketaren biktimak dira, eta guztiek gehiegikeriak jasan dituzte bidean. Hala ere, CETIaren barruan ez dute salerosketa kasurik atzematen, nahiz eta gertatzen direla jakin.
Hori dela medio, protesta isila eta sinbolikoa gauzatuko dugu aurrean. Gaur ere hiri autonomoen beste errealitate krudela ezagutuko dugu: kalean bizi diren adingabeak. Bakarrik daude, egoera tamalgarrian bizi dira, baina kalean daude nahiago dutelako bertan egon harrera zentroetan baino, toki hoerietan ez baitituzte zaintzen.
"Uste genuenaren kontra, jende askok bat egiten du Melillan gure aldarrikapenekin"
Adingabe horiekin harremanetan egoteko kirol jarduera prestatu dugu. Eurekin hitz egin nahi dugu eta euren bizipenak ezagutu gero egoera salatzeko. Izan ere, espainiar lurraldean daude eta erakundeek euren gain hartu behar dituzte. Zentzu horretan, aldarrikatzen dugu autonomia erkidegoek euren ardura hartzea, kale gorrian egon ez daitezen.
Bihar manifestazioa egingo dugu, espero dugu jendetsua izatea, Melillako herritar askok babestu gaituzte, jendeak albo batera utziko gintuela uste arren. Askok gure aldarrikapenekin bat egiten dute.
Azkenengo ekintza Almerian izango da, negutegietan. Han helburua da emakume langileen egoera salatzea. Erantsi behar dut karabanak oso presente duela diskurtso feminista eta, berez, parte-hartzaileen 2/3ak emakumezkoak direla.
Izan ere, emakume migratzaileek eskubideen urraketa bikoitza pairatzen dute; bidaian gertatzen zaiena eta horren inguruan dagoen isiltasuna. Badirudi emakumeak ez direla migratzaileak.
Greziako esperientziarekin alderatuta, zer izan zen zuretzat berezia aurrekoan eta zer honetan?
Greziatik joan ginenean, askok gure buruari galdetzen genion: "zer egin dezakegu? Oso urrun gaude". Bertan helburua zen errealitatea zuzenean ikustea, askotan desitxuratuta heltzen baita, eta atzematea Europa ez dela eskubideen lurraldea, baizik eta Turkia, Maroko eta beste herri batzuk azpikontratatzen dituela lan zikina egiteko eta eskubideak urratzeko.
"Europa ez da eskubideen lurraldea, Maroko edo Turkia azpikontratatzen ditu lan zikina egiteko"
"No Borders" kanpalekura batu ginen, gainera. Europako mugimendua da eta mugen desagerpena aldarrikatzen du. Hori guztia esperientzia izan zen gertutik sentitzeko Europan giza eskubideak urratzen direla.
Hemen, ordea, badakigu eskubideak ez direla errespetatzen. Hortaz, sinatzen dituzten errefuxiatuei buruzko hitzarmenak betetzea eskatzen diegu politikariei.
Uste dugu eragiteko aukera handiagoa dugula, adingabeak penintsulara igaro daitezen, zainduak eta berriro kokatuak izan daitezen.
Ekintza zuzenerako tartea dago, agintariak apuntatzeko parada baitugu. Hemen, nolabait, ardura zuzena daukagu eta muga horietan eragin zuzena izan dezakegu: bide ziurrak egoteko, concertinak kentzeko, asilo bulegoa eskuragarri egoteko, emakumezkoek pasabide duinak izateko... inor ez dadin hil hesi horretan.
Migrazio politikak pertsona migratzaileak kriminalizatzen ari dira, eta ez hori bakarrik, herria uzten duten asko hiltzen ari dira Saharako basamortuan, Mediterraneoan, hesietan edo CIEtan.
Zeintzuk izan dira karabana horietan bizi izan dituzun une gogorrenak eta politenak?
Niretzat unerik politenak dira bidean dauden pertsona migratzaileekin ematen ditugunak, bizipenak trukatzeko. Konturatzen zara eskubide berak ditugula eta ez dela "zu edo ni", baizik eta "gu". Elkarrekin lor dezakegu.
Hori ikusten duzu emakume bat hurbiltzen denean eskertzeko eskubideen aldeko edo hesiaren kontrako borroka. Hori gaur bertan gertatu zaigu. Iaz gauza bera jazo zen Tesalonikan, manifestazio handia egin zen eta bertan zegoen "No Borders" kanpamentua. Mobilizazioan elkartu ginen ekintzaileak, migratzaileak, bertako herritarrak, guztion eskubideak aldarrikatzeko. Hori da politena, beste norbaiten alboan borrokatzea guztiona dena lortzeko.
Gogorrena da ikustea zein krudelak diren indarrean dauden politikak eta nola tratatzen dituzten gizakiak objektuak izango balira bezala. Berdin zaie emakumezko batek 70 kiloko zama eramatea gainean, borraz kolpatzen baitute. Edo ikustea adingabeak daudela kalean bizitzen.