Doinu nahasketak izango dira nagusi Artziniegako Jaietan. Irailaren 8an Havana 537, Che Sudaka eta Joxe Replay taldeak igoko dira oholtzara, munduko hainbat txokotako musiken arteko mestizajea egiteko. Hurrengo egunean, aldiz, rock doinuak nagusituko dira herrian, The Last Beer taldearen eskutik.
Musikaz harago, ez dira faltako ezta Artziniegako jaien ikur bihurtu diren ekintzak: Iturritik iturrira kronoeskalada, koadrilen arteko afaria, Arteko landatik jaitsiera... Iaz lehen aldiz eginiko Gazte Eguna errepikatuko da aurten; irailaren 4ean ospatuko da eta magia izango du ardatz: ilusionismo tailer eta ikuskizunak egongo dira arratsaldean, udaletxean.
Antolakuntzan aldaketa
Jaien antolakuntzan eman da aurtengo berrikuntza nagusia. Udala arduratu da festak aurrera ateratzeaz, ez delako lan-talderik sortu jaiak aurrera ateratzeko.
Aurreko urteetan bezala, bus zerbitzua egongo da irailaren 8an, nahi duen aiaraldear orok herrira bertaratu eta parranda botatzeko aukera izan dezan. Okondo, Laudio, Luiaondo, Amurrio eta Arespalditzatik igaroko da busa.