Artziniegako Museoan elkartu ziren Euskal Herriko hainbat txokotako lagunak atzo. Urtero antolatzen dute hitzordua, baina lehendabizikoz jaso du Aiaraldeak. "Seigarren topaketa izan da", aipatu du Paki Ofizialdegi Artziniegako Museoko arduradunak. Iazko topaketan aplikazio digitalak museoetan nola erabili landu zuten: "Gure indargunea boluntarioen lana denez, aurten hori jartzea erdigunean erabaki genuen".
Boluntarien eredua, jomugan
"Borondatezko lana izan da topaketaren oinarria. Gure museoa ez zen bestela sortuko", aitortu du. Hala, inguruko esperientziak izan zituzten hizpide: Artziniegako eliz museoarena eta Amurrioko Felix Murga museo etnografikoarena kasu. Parte hartzeari dagokionez, 30-35 lagun bertaratu ziren, 20 museotako ordezkariak.
"Artziniegako museoa ikusita harrituta geratu dira, askok ez zuten ezagutzen eta ez zuten espero", dio. Kultur eraikinen egoerez ere aritu ziren: "Museoen antolaketaren inguruan mintzatu gara, Artziniegako proiektuarekin hitzaldi bat baitugu prest". Hala, eragile bakoitzak bere ekintza nagusiak aipatu zituen. Eztabaida "mamitsu" bati heldu zioten segidan: "Boluntarioen lanaren alde onak eta txarrak aztertu ditugu. Dokumentu batean idatziko ditugu ondorioak".
Paki Ofizialdegik nabarmendu duenez, elkarrengatik gauza asko ikasi dituzte. Zentzu horretan, lan boluntzarioaren beharra azpimarratu du: "Gure kasuan, behintzat, bolondresen ekarpenik gabe ez legoke museorik". Ildo beretik, instituzioen babes urria salatu du, "hitz politez betetzen dute ahoa, baina behar laguntza ekonomikoa eskuratzeko borrokatzen ibili ohi gara". Edozelan ere, errealitate ezberdina bizi dute tokian toki, Ofizialdegiren iritiziz. Artziniegako museoaren kasuan, esaterako, profesionalizatzeko aukera izan dtue: "Guk lau pertsona lanean egotea lortu dugu. Beste askok borondatez egiten dugu lan". Jardunaldiari amaiera eman aurretik egin zuten Aiaraldeko produktuen dastaketa.