Koalizioak jakinarazi du irailaren 21eko udalbatzan azaldu zuela Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen intimitatearen babeserako bermeak ez daudela Artziniegako Udaletxean.
Izan ere, taldeak salatu du erabiltzaileetaz arduratzen den administrari laguntzaileak, gela ireki batean egiten duela -eraikinaren solairu diafanoa-, euren txanda itxaroten dauden gainontzeko lagunengandik 5 metrora; bakarrik bionbo batez bananduta dagoen udal artxibozainaren alboan eta beste udal funtzionario baten aurrean.
Hau da, elkarrizketa horretan hitz egiten den guztia bertan dauden pertsona guztiek ezin hobe entzuten dutela uste dute EH Bildun, eta horrela adierazi diete zenbait erabiltzailek.
Agentziaren erantzuna
Bi asteren ostean egoera ez denez aldatu, Datuen Babeserako Agentziara jo du EH Bilduk kasua salatzeko eta agentziak 15 egun eman dizkio alkateari informazio bidali dezan.
Bide batez, koalizioak agerian utzi nahi izan du EAJk, euren ustez, herriko zenbait kolektibo gutxiesten dituela.