Urriaren 21an ospatu zen Amasako Duatloia, Euskal Herriko VII. mendi-duatloi txapelketa. 155 korrikalarik hartu zuten parte bertan. Zuriñe Frutos gailendu zen emakumezkoen kategorian, iaz lortu zuen postuari eutsiz. Ordu bat eta berrogeita hamabost minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko.
Artziniegako kirolariak aurtengo denboraldian irabazten duen zortzigarren mendi-duatloia izan da Amasakoa.
Euskal Herriko mendi-maratoien zirkuituaren barruan 10 mendi-duatloi daude. Frutosek dagoeneko zortzi irabazi ditu eta, adierazi duenez, zirkuitua bukatzeko falta diren bi lasterketak irabazteko indarrarekin ikusten du bere burua.