Merkataritza eta Turismoa Biziberritzeko Plan Berezia (PERCO gazteleraz) jarri du abian Artziniegako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Ikertalde Grupo Consultor enpresari esleitu diote plana diseinatzeko enkargua.
Artziniegako bizilagun eta merkatarien parte hartzea sustatu nahi dute plana osatzeko, “etorkizuneko erronkei aurre egiteko ekintza plan egokia eraikitzeko asmoz”.
Iñigo Gomezek zehaztu du abendurako amaitu nahi dutela plana. Telefono bidezko galdetegiak egiten ari dira, eta bilerak egingo dituzte baita dendariekin eta turismoarekin erlazionatutako agenteekin. "Plan sinple bat egitea da asmoa, ekintzak abian jartzeko balioko duena", azaldu du alkateak, eta aurreratu du 2018ko aurrekontuetan diru partida bat erreserbatuko dutela planean zehazten diren ildoak garatzeko.
Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko webgunea atondu dute baita ere.