Gabonetako Merkatu Txikiaren XVII. edizioa antolatu du Hiriska emakume elkarteak. Galaktosemiarako Espainiako Elkartera (AEG) bideratuko dute ekimenaren bidez biltzen duten dirua. Izan ere, eritasun hori du Markel Rivas 6 urteko ume artziniegarra.
"Gaixotasun genetiko hereditario eta kronikoa da galaktosemia, sendaezina", azaldu dute elkarteko kideek. Eritasun hori dutenek ezin dute metabolizatu galaktosa izeneko azukre sinplea. "Galaktosemia duen haur bati esnea ematen bazaio galaktosaren deribatuak bere organismoan pilatzen dira. Substantzia horiek gibela, garuna, giltzurrunak eta begiak kaltetzen dituzte".
Herritarrek parte hartzeko deia
Abenduaren 2tik 10era egongo da azoka, La Encina egoitzako kaperan. Hiriskako kideek auzokideei luzatu diete ekimenean parte hartzeko deia, "gai berriak edo egoera onean dauden gai erabiliak eramanez, azokan salduak izan daitezen". Ostirala -azaroak 24- izango da horretarako azken eguna. Elkartetik nabarmendu dute ez dela arroparik jasoko, baina etxean eginiko opilak onartuko dituzte.
Hortaz gain, kontu-korronte bat ireki dute, jendeak dohaintzak egin ditzan: 2095-3207-12-1094043238 (Kutxabank).