Garraio publikoa sustatzeko mozioa aurkeztu zuen Joseba Elejaldek azaroko udalbatzan, Artziniegako PPren izenean. "Gasteizen soilik dago txartelak kargatzeko aukera zuzena", adierazi zuen. Kutxabanken ere egin liteke, baina bulego asko ixten ari direla eta, udalak Arabako Foru Aldundiari herrian zerbitzu hori emateko aukera mahaigaineratzeko aukera proposatu zuen Elejaldek. EAJk zein EH Bilduk begi onez ikusi zuten proposamena, baina autobusa baliatzeko txartela kargatzeaz gain, erosteko parada ere eskaini behar zela iritzi zuten.
Horregatik, mozioa moldatzeko ekarpena egin zioten PPko ordezkariari. "Eskualdeko herriburuetan zerbitzua jartzeak ez du Artziniegako arazoa konpontzen, Laudioraino jo beharko genuke horretarako eta", erantsi zuten zinegotzi jeltzaleek. Iñigo Gomez alkatearen hitzetan, udal ordezkariak noiz edo noiz Gasteiza bertaratu dira txartelak erosi eta udaletxean herritarren eskura jarri ahal izateko.
Gauzak hala, EH Bildu eta EAJren babesarekin aurrera egin zuen mozioak. Hortaz, Artziniegako Udalak BAT txartelaren salmenta eta errekarga zerbitzua Artziniegara hurbiltzeko eskaera egingo dio Aldundiari.