Beste urte batez jaiotza erakusketa antolatuko du Artziniegako Santxotena Tailer-Museoak gabonen testuinguruan.
Orotara 2000 jaiotza baino gehiago egongo dira ikusgai eta munduko hainbat herrietako etnografia eta antropologia aztertzeko parada eskainiko dute. Gaurkotasunezko gaiak jorratzen dituzten piezek ere osatuko dute bilduma; errefuxiatuen gaia jorratzen duen jaiotza bat egongo da, besteak beste.
Txoko askotatik etorritako jaiotzak bilduko dituzte abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra zabalik egongo den erakusketan. Ostiraletik igandera, 11:00-13:30 eta 16:00-19:00 ordutegian, ikusi ahalko dira Kongo, Polonia, Kolonbia, Cuba, Galiza, Katalunia eta beste hainbat herritako obrak.