Errefuxiatuak laguntzeko antolatu dute Artziniegan "Eguberrirock" ekimena. Herritarrei etxeko manta, kanping-denda eta neguko arropak eramateko deia luzatu diete. Igerilekuetako tabernan izango da festibala, eta 5 euro balioko ditu sarrerak. Barau, Sinmas eta Sputnik Party Sistem taldeak oholtzaratuko dira. Egoitz Vadillo aritu da antolakuntza lanetan, besteak beste.
Barau musika taldetik sortu zen ideia, aitortu duenez: "Herrian zerbait egin nahi nuen. Astebururo daude udal edo museoko ekitaldiak, baina rockaren inguruan hutsunea ikusten genuen". Barauko baxujolea Sinmas taldean ere musikari aritzen denez, Artziniegako DJ batekin elkartuta eman zioten forma proiektuari: "Festibala antolatzea bururat zitzaigun. Tokirik egokiena igerilekuetako taberna iruditu zitzaigun; leku asko baitauka. Eurekin harremanetan jarri eta ondo hartu zuten proposamena". Hala, rock kontzertua elkartasun ekimen bihurtu zuten.
Ez-ohiko jaialdia
Ez dira mugatuko, ordea, ohiko jaialdi batera. Ipar Euskal Herriko "OlentzeroRock" dinamika izan dute erreferente: "Sarreraren ordez, jostailu bat eraman behar da festibalera". Gabon garaian jendeari bihotza handitzen zaiolakoan jarri ziren kontaktuan Ongi Etorri errefuxiatuak plataformarekin".
Hala jakin zuten mantak, lo zakuak eta arropak behar dituztela nagusiki errefuxiatuek. "Bilboko portu inguruan dauden errefuxiatuek hotzari aurre egiteko prendak behar dituzte", adierazi du Vadillok.
Artziniegarrek elkartasuna zer den ondo dakitelakoan, ekimenak harrera beroa izatea espero du sustatzaileak. Izan ere, Artziniega Rock Elkartearen baitan mugimendu polita sortu dela iritzita, aukera edertzat du musika elkartasunera bideratzea.