Artziniegako Txirrindulari Elkarteak bi ekitaldi prestatu ditu azken egunetan. Bietan egon da parte hartze handia. Abenduaren 24an, igandean, izan zen Artziniegako bederatzigarren duatloia. Iñaki eta Josu Isasi anaiak izan ziren, hurrenez hurren, azkarrenak. Hirugarren postua, berriz, Jon Llanorentzat izan zen.
Abenduaren 26an, berriz, "Bizijaia" izan zuten elkartzeko aitzaki. Artziniegako eta Aiarako Txirrindulari Elkarteek antolatu zuten irteera, profesional mailako txirrindulariekin ibiltzeko aukera eskainiz. Hala, bi ibilbide proposatu zituzten. Martxa txikiak Artziniega eta Arteta elkartu zituen (7km) eta handiak Angostinaraino luzatu zuen bidea (16km). La Karpykoek argazkitan jaso dute txangoa.