Martxan daude Artziniegako frontoiaren egoera hobetzeko lanak. Iñigo Gomez alkatearen hitzetan, ezker paretaren garbiketa egitean ohartu ziren arazoaz: "Hainbat kristal leiho -bloke- solte zeuden". Hori dela eta, eremua hesitu dute, obrak bukatu artean. "Urjentziazko neurri gisa, kristalak kendu eta azpiegitura indartu dugu. Agian ez zen 10 urtean eroriko, baina badaezpada hartu ditugu neurriak".
Hartutako neurriak
Zehazki, kristalak kendu, perfilatu eta hobeto finkatzea da asmoa. "Kristalezko egitura osoa askatuko dugu, eta pieza guztiak birkokatu". Izan ere, silikonarekin zeuden lotuta, "eta kasu batzuetan askatu egin da".
Udalbatzan azaldu ditu Gomezek obraren inguruko xehetasunak. Bilkuran herritarrek ere hartu dute parte, eta obraren gastuak murrizteko proposamena luzatu du auzokide batek: "leihoa" aldatu ordez egitura torloju bidez sendotzea. Alkateak ekarpena eskertu du, baina obraren nolakotasuna enpresak definitu duela erantzun dio.