Bideen inbentarioa berritzea eskatu du Artziniegako PPk

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko ots. 9a, 12:50

Ostegunean izan zen udalbatza. / Aiaraldea.eus

Artziniegako bideen katalogoa berritzeko beharra mahaigaineratu du PPk. Katastroa eguneratzeko eskatu dio udal gobernuari.

Bidexken egoera izan zen otsaileko Udal Osoko Bilkurako eztabaidagaietako bat. Ostegunean izan zen udalbatza, eta Joseba Elejalde PPko zinegotziak errepideen egoerarekiko kezka plazaratu zuen: "Hainbat tokitan dago lokatza edo ura, bidexketan batez ere". Erretesen lurra konpontzeko obrak egin dituzte, eta emaitzaren gabeziak mahaigaineratu zituen zinegotziak, zorua hainbat gunetan ez baita lau geratu. Iñigo Gomez alkateak lanen xehetasunak eman zituen, bideen konponketari heltzea "beharrezkotzat" joz. 

Peñalbarako bidea
"Peñalbarako bidea plano zahar guztietan dago, eta udaleko katastroan ez", salatu zuen Elejaldek. "Urtero eskatzen ditut 25.000 euro aurrekontuetan Artziniegako bideen inbentarioa egiteko", azpimarratu zuen. Ildo beretik, Peñalbarako pista aipatu zuen, jende ugarik erabiltzen baitu: "Pista udalarena ez denez, ez du instituzioak konpontzen. Zein da erremedioa, finka pribatua denez, jabeak bidea ixtea?". 

Elejalderen iritziz, Erretesen badira 5-6 bide publiko erregistratu gabe. "Horren ondorioa da berauek hobetzeko laguntzak ezin eskatzea". Alkateak aferari heltzeko konpromisoa agertu zuen, "beharrezkoa" dela iritzita. Egun, bide nagusiak ditu jasota administrazioak, "baina bigarren mailakoak ez".

Zuhaitz erorketak
EH Bilduk, bestalde, eskola inguruko jolasparkearen aferari heltzeko beharra aipatu zuen. Joseba Vivancoren arabera, haizeteek segurtasun eza eragiten dute: "Parkingaren aldameneko 2 zuhaitz jauzi dira. Udalak ezer erabaki aurretik, Guraso elkartearekin biltzea proposatzen dugu". Era horretan nahi dute adostea hartu beharreko neurri oro. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide