Antzinako ogibide eta bizimodua ezagutzera ematea da "Museo Bizia" ekimenaren helburua. Artisautzak eguneroko bizitzan duen eragina ere erakutsi nahi dute. Artziniega Museoan erakusten diren lanbideei bizia emango diete herriko auzokide eta artisauen laguntzaz.
Aurtengoa ekimenaren X. edizioa izango da. Erakusketa otsailaren 25ean 11:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai. Bertan, zurgindegia edota sutegia martxan jarriko dituzte egun batez eta animalien zaintza eta tratamendu naturalen nondik norakoak ere erakutsiko dituzte.
Mutur beltz ardiak
Aurtengo edizioan artilearen ekoizpen prozesuari eman nahi diote garrantzia. Karrantzako Mutur Beltz elkartea gonbidatu dute horretarako. Mutur Beltz izen bereko ardi espeziearen sustapenean lan egiten duen taldea da eta artilez egindako arropak manufakturatuko ditu Artziniegako Museoan igandean.