Nahiz eta egun hauetan itzuli zaren, Japonian egon zara azken hilabeteak, nola bukatzen du artziniegar batek Japonian?
Japonera orain dela 3 hilabete joan nintzen eski irakasle bezala lan egiteko. Argentinan egonda, Japonian lanean ibilitako pare bat irakasle ezagutu nituen eta oso ondo hitz egin zidaten bai elurra eta lanaren inguruan.
Katalunian, Masellan, lanean nengoela lagun batekin curriculumak bidaltzeari ekin genion eta irailean eskola batek onartu ninduen. Abenduaren hasieran Japonerako bidea hartu nuen.
"Elurraren kalitateak aurreikuspen guztiak gainditu ditu"
Zergatik Japonia eta ez beste leku bat?
Arrazoi nagusia hona etortzeko elurraren kalitatea izan zen, eta hemen egonda nire espektatibak gainditu dituela aitortu behar dut.
Klase guztiak ingelesez egiteko beharra asko erakartzen ninduen ere, ingelesa hobetzeko biderik onena baita. Herrialde berriak ezagutzea oso gustuko dut eta Japon ez nuen ezagutzen.
Nolakoa izan da zure egunerokotasuna?
Kultura ezberdina da. Japoneko jendea oso zuzena eta langilea da, beti prest zu laguntzeko. Ez zaidana gustatzen, orokorrean, espontaneotasun falta da.
Gehien gustuko dudana Japonetik, dudarik gabe, elurra da, munduko elurrik onena hemen dago eta. Hortaz aparte, janaria izugarri ona da.
Gustatzen ez zaidan gauza bakarra prezioak dira, karkarkar, oso garestia da dena.
Zerk liluratu zaitu Japonian eta zer leku bisitatu dituzu?
Egia esanda, ez dut Japonen bidaiatu, lanera etorri nintzen zuzenean Nisekora. Hemengo paisaiak, elurra, nagusiki, ederrak dira. Itsasoa ikus daiteke egun garbietan mendi puntatik.
Japonian ez ezik, hainbat lekutan ibili izan zara azken urteotan. Azalduko diguzu ibilbidea?
Orain dela ia bi urte Patagoniara joan nintzen, Barilochera, eski denboraldia egitera. Denboraldia amaituta Txile, Peru eta Bolivia bisitatu nituen 3 hilabetez.
Bueltan etxean pare bat aste eta La Molina Masellan, Katalunian, eski denboraldia egin nuen ere. Amaitu eta hilabete inguru etxean eman ondoren, Kolonbiara jo nuen. Kolonbian hilabete eman ondoren Californiara joan nintzen. Californian pare bat hilabete, eta hortik Costa Ricara. Costa Rican hilabete eta erdi egon nintzen surf egiten.
Herrialde bakoitzak zer eman dizu?
Herrialde bakoitzak zer edo zer ematen du, bidaiatzeak esperientzia desberdinak bizitzeko aukera ematen dizu eta. Lagun oso onak egin ditut bi urte hauetan eta hori da atera dudan onenetarikoa.
Eta zer sumatu duzu faltan bidaia horietan?
Gehien sumatu dudana faltan familia eta lagunak izan dira.