Iragan martxoaren 4an abiatu zen Gines Lopez artziniegarra Santurtzitik, 'Marina' mandoaren eta 'Comotú' txakurrarekinbatera.
Gaur Palentziako Carrión de los Condes herrian egin dute lo, eta hainbat egunetako bidaia geratzen zaie oraindik, Santiagora iristea baitute helburu.
1.700 kilometroko bidea egitea da Lopezen asmoa, “joan eta etorri”. Abenturazale artziniegarrak azaldu du “mandoaren erritmora” ari direla bidea egiten. 10-12 kilometro egiten dituzte egunean, eta ez dute azkarrago joateko asmorik, paisaiaz gozatzea baita Lopezen asmoa. Artziniegarrak azaldu duenez, pasadizo eta bizipen ugari izaten ari dira egunero.
Done Jakue bidea egiten duten hirugarren aldia izango da aurtengoa. Erretiratu zenean piztu zitzaion Lopezi abentura horretan murgiltzeko gogoa. “Beti izan dut ilusio hori, jubilatzean osasuna izanez gero Done Jakue bidea egitearena”, azaldu duen artziniegarrak bidaia lehen aldiz egin zuenean, “busak, trenak edota hegazkinak existitu baino lehen erromesek itzultzeko modu bat behar zuten izan. Horregatik proposatu nion nire buruari mandoa erabiltzea garraio sistema gisa”.