Larunbatean izango da Artziniegako "herri oratzea". Goiz osoan zehar egongo da antzinako lanbideak ezagutzeko aukera. 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta haurrentzat zenbait tailer prestatuko dituzte. Besteak beste, ogia antzina nola egiten zen ikasteko aukera eskainiko dute. Umeen jarduerak doakoak izango dira. Helduen ekintzek, aldiz, 3 euro balioko dute. Horrez gain, aurrez eman beharko da izena, 945396210 telefonoan. "Orea prestatzeko tailerra soilik ikusi nahi dutenek ez dute ordaindu beharko", adierazi dute museoko arduradunek hedabideei helarazitako oharrean.
Urteak daramatzate "herri oratzea" antolatzen. Jardunaldi etnografikotzat dute antolatzaileek ekimena. "Erakusketara eta labetik ateratako produktuak dastatzera gonbidatuta zaudete".
Egitarauaren xehetasunak
11:00etan ogi dastaketarekin ekingo diote egunari haurrek eta helduek. "11:10 aldera sartuko dira umeak, eta azalpenen ondotik larraina eta nekazaritza landuko ditugu", erantsi dute. 11:20an aurreikusi dute abiatzea nagusien erakusketa.
Goizean zehar prestatutako jakiak 12:00etan sartuko dituzte labera, 12:30 bueltan dastatzeko. Ondoren egingo dute nagusien tailerra, "12:30ean edo".