Iazko arrakastaren ostean, aurten ere "La Karpy" bizikleta ibilaldi klasikoa egingo dute Artziniegan ekainaren 23an. Dagoeneko zabaldu dute izen-emate epea.
Martxa 9:00etan abiatuko da Artziniegako Museoko ataritik. Parte hartzaileek 46 kilometroko ibilbidea osatuko dute eta Amurrion kokatuta dagoen "Licor Karpy" txirrindula talde profesionalaren museoa bisitatuko dute bidean.
Artziniegako Museoan bukatuko da ekimena eta herri bazkaria egingo dute bertaratutako guztiekin.
Denboran atzera
Parte-hartzaileek denboran atzera egingo dute egun batez. Izan ere, parte hartzeko derrigorrezkoa da 1987koa baino zaharragoa den bizikleta erabiltzea. Janzkera ere klasikoa izan beharko da.