Artziniega Museoaren etorkizuna landu dute udal osoko bilkuran

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 7a, 16:50
Gaurko udalbatzaren irudia. / Aiaraldea.eus

Artziniega Museoaren bideragarritasun ekonomikoa izan da gaurko udal osoko bilkuraren ardatza. Alderdiek babestu dute bisiten sarrerak Artea Elkarteari ematea, momentuz, proiektuaren iraupen ekonomikoa bermatzeko.

Artziniega Museoa zenbait zailtasun ekonomikoren aurrean dago, gida-lanak egiten dituzten beharginen hitzarmen kolektiboa eguneratu ostean. Horren ondorioz, soldatak igo behar zaizkie, eta gastua ez zegoen aurrekontuetan jasota.

Horrek kolokan jarri du etnografia museoaren jasangarritasun ekonomikoa eta gaur behin-behineko konponbidea adostu dute. Printzipioz, bisitarien sarrerak Artea Elkartera, hau da, egitasmoa kudeatzen duen taldera, bideratuko dituzte.

Alkateak eta elkarteak adostutako proposamena izan da hori, baina hurrengo urterako mahai gainean jarri dute alderdi guztiek udalaren eta elkartearen arteko akordioa aztertu eta eguneratu behar dela. Udal gobernu taldearen proposamena da Artziniegako Udalak hartzea bere gain museoaren kudeaketa.

Adostasun falta
Gaur akordioa lortu bada ere, eztabaida luzea egon da oposizioaren eta EAJren artean gaiaren harira. PPk leporatu dio alkateari hitza ez betetzea eta elkartearekin ez hitz egitea udalbatza baino lehen, hala egingo zuela agindu arren.

EH Bilduk gehitu du horrelako jarrerek ez dutela errazten udalaren eta elkartearen arteko beharrezko konfiantza proiektuaren jarraikortasuna bermatzeko. Gainera, adierazi du udalak museoan esku hartu baino lehen hainbat gai argitu behar direla; besteak beste, elkarteak nola utzi ditzakeen berari norbanakoek lagatako piezak.

Artziniega, Arceniega edota Artziniega-Arceniega
Joseba Elejalde PPko zinegotziak mozioa eraman du gaurko udalbatzara eskatzeko Artziniegako toponimia izateko aurrerantzean "Artziniega-Arceniega". Argudiatu du euskaraz eta gazteleraz egon behar dela, hainbat herritan bezala. Bere ustez, Arrasate-Mondragón edota Vitoria-Gasteiz horren adibideak dira.

EAJk eta EH Bilduk aurka bozkatu dute eta erantzun dute hori ez dela benetako eztabaida kalean, herritarren artean ez dela zalantzan jartzen egungo toponimoa, alegia.

Publikoaren artean Alberto Martinez Gutierrez-Barquinek hartu du hitza azaltzeko ikertu duela toponimoaren jatorria hainbat iturri historikotan. Bere iritzia izan da proposamena txarto eginda zegoela. Izan ere, Alberto Martinez Gutierrez-Barquinen arabera, Artziniega eta Arceniega ez dira bi toponimo ezberdin, baizik eta erro bereko toponimoa izendatzeko bi modu.

Gutierrez-Barquinek zenbait adibide plazaratu du adierazteko herriaren izena aldakorra izan dela agiri ofizialetan, eta egungo toponimoa gehiengo osoz aldatu zela 1985ean udal osoko bilkuran.

Hori ez ezik, argitu du Arrasate edo Gasteizko ereduak ez direla antzekoak. Izan ere, Vitoria eta Mondragón izan ziren udalerrien sortzaileek jarritako izenak, eta Gasteiz eta Arrasate hitzek erreferentzia egiten diete jatorrizko lekuen izenei, edo derrigortua dagoen hori egitera.

500.000 euroko kreditua
Horrez gain, udalbatzak adostu du udal soberakinen 500.000 euro hainbat lan egitera bideratzea. Batzuk Foru Planean jasota zeuden eta beste batzuk ez.

Gauzak horrela, dirua erabiliko da ur-horniketan (hodiak aldatzeko), igerilekuetan hobekuntza garrantzitsuak egiteko (ur-ihesak konpontzeko, ura arazteko azpiegitura berriak jartzeko...), argi publikoa LED izan dadin, elektrizitate kontsumoa murrizteko edota eskultura proiektuak gauzatzeko.

Altsasuko espetxeratuak
Urgentziazko prozedura baliatuta, EH Bilduk eta EAJk Altsasuko espetxeratuei buruzko mozioa aurkeztu eta onartu dute. Besteak beste, testuan salatu dute hedabideen presioaren emaitza izan dela epaia. Halaber, eskatu dute zigortuak ez espetxeratzea kasuak ibilbide osoa bete arte epaitegietan.

PPko zinegotziak jakinarazi du ez zegoela ados eta Espainian justizia erabat independentea dela, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide