Koadrillen eguna antolatu duzue lehenbizikoz, zein helbururekin?
Lehendabiziko helburua Artziniegako koadrila guztiak egunean zehar batzea da; eta horrez gain, jaiez aparte Artziniegan zerbait egitea, gero eta jende gehiago etortzea...
Zein izango da egitaraua?
Goizean umeentzako tailerrak, igel txapelketa eta zumba egongo dira. Gero trikipoteoa eta, horren ondoren, bazkaria. Gainera bazkarian 200 pertsona baino gehiagok eman dute izena, pentsaezina zen hori duela hilabete bat.
"Bazkarian 200 pertsona baino gehiagok eman dute izena, pentsaezina zen duela hilabete bat hori"
Bazkaldu ostean bingoa antolatu dugu, eta arratsaldean koadrilen arteko jolas batzuk egingo ditugu jaietan egiten den "interkuadrilla" simulatzen. Karaokea egongo da ere bai. Amaitzeko kontzertuak egongo dira.
Nolakoa izan da antolaketa?
Ba gure ideia zen lagun talde guztietatik pertsona kopuru batek laguntzea egun hau antolatzen. Hasieran zaila izan da, ekintza berria delako eta jendeak ez zuelako espero. Kartelak jarri ditugu herritik, Facebook erabili dugu, bilera irekiak egin ditugu, whatsapp taldea sortu dugu kuadrilla bakoitzeko pertsona batekin... Egia esanda jendeak oso pozik lagundu gaitu, eta ekintza batzuk antolatu dituzte. K&K kuadrilla, adibidez, igel txapelketaz arduratzen da.
Aurrera begira, elkarlanean jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, hori da gure asmoa. Aurten ospatzen hastea nahi dugu, baina ez geratzea urte bateko ekintza batean. Gero eta jende gehiago etortzea gustatuko litzaiguke, giro polita izatea, ondo pasatzea, parte hartzea... Horretarako lan egingo dugu.
Egun hau eta gero bilera irekia egingo dugu balorazioa egiteko; eta hortik gauza berriak eta hobetu beharrekoak aterako dira, kontuan izateko beste urte batzuetarako.