Bi langile kaleratu ditu Tubacex Taylor enpresaren zuzendaritzak. Hala salatu du ELAk hedabideei bidalitako ohar batean. Sindikatuak adierazi du kaleratze horiek “askatasun sindikalaren urraketa argia” direla eta agerian uzten dutela “Tubacexen jarrera diktatoriala”.
Langileen ordezkariek azaldu dutenez, greba deialdia jaso bezain laster kaleratu dituztela langileak. Uztailaren 19, 20, 26, 27, 30 eta 31an dute greba egiteko asmoa Artziniegako lantegian, enpleguaren eta lan-hitzarmenaren alde. ELA sindikatuak salatu du beharginak 2014. urtetik daudela soldata izoztuarekin eta lan hitzarmenik gabe, “zuzendaritzak bi aldiz erretiratu duelako adostutako akordioa”. “Hori oso larria da, agerian uzten duelako zuzendaritzaren eta Tubacex taldearen fidagarritasun eza”.
Iaz Enplegua Erregulatzeko Alde Baterako Espedientea jarri zuen abian zuzendaritzak. Mobilizazioak egin zituzten orduan langileek:
Bien bitartean, ELAren arabera, zuzendaritza “atzerriko lantegietan inbertitzen” aritu zen, “deslokalizazioarako oinarri argi batzuk finkatzen eta horrela Artziniegako langileei xantaia eginez”. Orduz geroztik, zuzendaritzak “alde bakarreko erabakiak” hartu dituela salatu du sindikatuak, “benetako negoziazio bat ukatuaz”. Gauzak hala, “egiazko negoziazio mahai bat” osatzea eskatu dio sindikatuak zuzendaritzari, 2016an adostu zuten lan-hitzarmena sinatzearekin batera.
Hori exijitzeko elkarretaratzea egingo dute uztailaren 19an -osteguna, lehen greba eguna- Tubacexek Laudion duen lantegiaren aurrean, 13:00retatik 15:00etara. Ostiralean, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egingo dute protesta, 11:00etatik 12:30etara. “Industria departamentuarekin bilera bat eskatuko dugu, Tubacex Taylorreko langileen egoera larria azaltzeko”.